Ekitaldia atzo egin zuten Laboral Kutxak Bilboko Posta kalean duen egoitzan. Bertan Kosta Trailen babesleek eskertu zieten konpromisoa eta elkartasuna pasa den ekainaren 12an Sopelako Kosta Trailen XI. edizioan parte hartu zuten denei. Egun horretan, probaren parte-hartzaileen errekorra apurtu zuten.
Diruz lagundutako elkarteen ordezkariak hunkitu agertu ziren. La Cuadri del Hospi delakoak leuzemia linfoblastiko akutuaren gainean BioCrucesek egiten dabilen ikerketarako erabiliko ditu 7.500 euroak. Minbizia duten umeen herenak pairatzen du gaixotasun hori. La Cuadri del Hospi iaz sortu zuten Gurutzetako ospitaleko Onkologia Unitatean artatutako hainbat neska-mutilen gurasoek.
Bizkaiko Diabete Elkartea 1978an sortu zen. Elkarteak laguntza bideratuko du ume eta gaztetxo diabetikoen egonaldi eta udalekuak zein diabetikoen kirol-mintegiak ordaintzeko. Bestalde, Team One Diabetes Challengue lasterkari diabetikoen taldeak 2.000 euro bildu ditu, Salomonek eta Forum Sportek diabetea eta kirola gaiaz jendea kontzientziatzeko salgai jarri zituzten buru-zapiak agortu baitira.