Domekara aldatu dute Sopelako skate-pistaren inaugurazioa

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 30a, 17:24

© SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak jakinarazi duenez biharko, urriak 1, aurreikusita zegoen skate-pistaren inaugurazioa domekara atzeratuko dute, eguraldi txarra dela eta.

Hiru hilabete inguru pasa dira Sopelako skate-pista egiteko lanak hasi zirenetik eta, daborduko, Sopelako Udalak modu ofizialean inauguratuko du nazioarte mailan erreferente izatea espero den skate-pista berria.

Ekitaldirako, adin guztiei zuzendutako ekintzez beteriko programa prestatu dute. Inaugurazio ekitaldia eta gero, 14:00ak aldera, lehiaketak hasiko dira. Lehenengo eta behin, txikienak (12 urte baino gutxiagokoak) lehiatuko dira eta 15:30ak inguru, aldiz, nagusiak. Arrastian, 17:00ak bueltan Yow Street Surfing hasiko da. Bertan, surfskateak (malguki sistema eta biraketa ardatza duten gurpil-oholak) parte hartzaileen eskura jarriko dira. Azkenik, 19:30etan erakustaldi oso bereziei emango zaie hasiera. Alain Goikoetxea, Danny Leon eta Ian Campbell bezalako skater ospetsuek emanaldia eskainiko dute eta ekitaldian ikusle guztiak animatzeko prest egongo den Captain Jairock izango da ere. Era berean, parte hartzaile guztientzako janaria eta edaria egongo dira egun osoan zehar.

Leku paregabean kokatuta dagoen (Arrietara-Atxabiribil hondartzako itsaslabarrean, hain zuzen ere) skate-pista berria egiteko 157.000 euroko inbertsioa egin du Udalak. Pistak 650 metro koadro baino gehiago dauzka eta altuera desberdineko bi bainuontziz osaturik dago, hasiberriek zein gaian adituek instalazio berriak erabiltzeko aukera izan dezaten. Pistek 1,20 eta 2,50 metroko malda daukate eta hormigoiz eginda eta eskuz leunduta daude.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun