Eguaztenean abiatuko dute Sopelako mendi-astea

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 16a, 10:31

Alex Txikon eta Muhammad Ali Sadpara, Nanga Parbate mendiko gailurrean. © SIMONE MORO

Mendiari begirako astea antolatuko dute hilaren 19tik 21era, Kurtzion. Alex Txikon, Kosta Trail eta Bilbao Mendi Film Festivala hobeto ezagutzeko aukera egongo da.

Eguaztenetik barikura, urriaren 19tik 21era, mendi-astea egingo dute Sopelako Kurtzio kultur etxean. Hiru saio izango dira, hirurak 19:30etik aurrera eta doakoak. Hala ere, leku-kopurua mugatua denez, aurretik gonbidapenak eskatzea beharrezkoa da; Sopelako udaletxean, Larrabasterrako Sopelarin bulegoan edo Kurtzion bertan eska daitezke. Mendiaren gaineko jardunaldi hori antolatzeko batu dira Munarrikolanda mendi-taldea, Kosta Trail, Bilbao Mendi Film Festivalen Mendi Tour atala eta Sopelako Udala. Horri esker, hiru ekimen interesgarri hobeto ezagutzeko aukera egongo da.

Eguaztenean, hilak 19, Alex Txikon alpinista lemoaztarra izango da Sopelan. Txikonek berba egingo du Himalaiako Nanga Parbat 8.125 metroko mendiaz; azken urte biotako bere erronka izan da hori. 2015eko neguan, bere espedizioa gailurretik 275 metrora gelditu zen. Pasa den otsailaren 26an, ostera, mundu-mailako balentria egin eta tontorrera igo zen, Muhammad Ali Sadpara eta Simone Moro alpinista pakistandarrak eta italiarrak lagunduta. Dakigula, historia osoan egin den lehenbiziko neguko igoera izan da. Kritika gogorrak ere jaso ditu Txikonek: Tomek Mackiewicz poloniarrak ukatu egin du Txikonen eta bere kideen lorpena eta Daniele Nardi espediziokideak euskaldunaren aurka epaitegira jotzeko asmoa lau haizeetara zabaldu du, besteak beste.

Eguenean, berriz, 11. ediziora heldu den Sopelako Kosta Trail elkartasun-lasterketa izango da protagonista. Azken egunean, barikuan, Mendi Tour ekimenak Bilbao Mendi Film Festivalaren azken edizioko hiru film on eta arrakastatsu eskainiko ditu: "High and mighty", aurtengo film laburrik onena; "Jurek", alpinismoaren inguruko film onena; eta, "Bigmen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun