Euren berbetan, "indar berriak behar dira, ideia berriak, gogo berriak, euskaldun temati berriak. Hori da gure agurraren desioa".
Hamar urteotan hiru esparrutan oinarritu ditu bere egitekoak Aitxuk. Batetik, sentsibilizazioa (kanpainak, erromeriak, kantaldiak…) jorratu dute. Euskara-taldekoek azaldu dutenez, "esparru ezberdinetan herrian lan egiten duten taldeakaz harremanetan ipini eta modu sinboliko batez kantaldian abesti bat kantatzeko eskatu genien". 2008 eta 2013 urteen artean sei kantaldi eta hamar erromeria egin zituen Aitxuk.
Horrez gainera, gure hizkuntzaren erabiltzeko eremu berriak lantzen jardun du euskara-taldeak. Berbarako, udalerriko merkatarien eta ostalarien euskararen erabilera areagotzeko planak martxan ipini zituzten 2010etik aurrera; zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna zuten dendak identifikatuz eta ikurrak banatuz. Horregaz batera, doako euskarazko ikastaroak antolatu zituzten dendarientzat.
Zerbitzu publikoetan ere euskara bermatzeko ahalegina egin du Aitxuk: kiroldegiko jarduerak euskaraz ere izan zitezen elkarlanean jardun zuen Mankomunitateagaz, Udalagaz eta Serviociogaz, 2011n, besteak beste.