Sopelako Udalak herriko parkeei buruzko inkesta bat egin du

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 26a, 13:37

Jauregizar parkea. © SOPELAKO UDALA

Sopeloztarren artean, 150 inkesta baino gehiago egin dituzte Iturrieta, Gernika, Jauregizar, Urgitxieta eta Errekagane parkeen erabiltzaileen iritzia ezagutzeko eta beharren zein erabileraren ereduak biltzen dituen txostena lantzeko helburuagaz. Diagnostikoak, auzokideen eskaerak jaso eta hauei erantzuteko martxan jar daitezkeen jarduerak baloratzeko balio izango dio Udalari.

Sopelako Udalak bost parkeren (Iturrieta, Gernika, Jauregizar, Urgitxieta eta Errekagane) bideragarritasun-plana lantzeko ikerketa bat jarri du martxan. Udalaren helburua erabiltzaileen beharrak eta erabilera-ereduak biltzen dituen txostena prestatzea da, bertoko agintariek adierazi dutenez.

Era honetan, Sopelako Udalak datu tekniko, ekonomiko eta soziologikoez baliatuz, diagnostiko bat izango du, aurrekontu-jardunerako erabakiak hartzeko abiapuntu gisa balio izango zaiona.

154 inkesta auzotarren eskaerak biltzeko

Udalak herritarren iritzia ezagutu gura izan du, aipatutako bost parkeetan egin daitezkeen hobekuntzak kontuan hartzeko. Horretarako, parke denetan, egun eta ordutegi desberdinetan, erabiltzaileen zenbaketa bat egin da. Inkestak tokian bertan egin dira, hamar bat galdera jasotzen duen galdetegi baten bidez. Itaunketaren bitartez, parke bakoitzeko erabiltzaileen profila, erabilera maila eta instalazioen abantailak eta beharrak ezagutu gura zituzten.

Eskuratutako datuakaz osatutako diagnostikoak, sopeloztarren eskaerak jaso eta hauei erantzuteko martxan jar daitezkeen jarduerak baloratzeko balio izango dio Udalari.

Gomendio horiekaz batera, Udalak balorazio ekonomiko bat egin eta lehentasunak finkatu ahal izango ditu, parke bakoitzaren egoera eta erabilera-maila kontuan hartuta. Aipatzekoa da, proiektuak egungo instalazioen inbentario baten laburpena ere jasoko duela.

Landa-azterketa modu paraleloan egin da bost instalazioetan eta galdeketak pasa den astean egin ziren.

Egindako lanaren aurrekontua 17.625 eurokoa izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun