Alde batetik, 2017ra begira, zaborrak biltzeko tasa izoztea proposatzen dute. Erabaki hau, "Gobernu taldeak, EH Bildu eta Denok Bateragaz akordioetara iristeko izan duen gaitasunaren eredu da", udal iturriek adierazi dutenez.
Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari (TMIZ) dagokionez, atal fiskal desberdinak planteatzen dira. Kasu hauetan, igoera modu progresiboan ematea bilatuko da, eta igoera bera zilindrada handiko autoetan kontzentratzea ere bai. Hau da, kotxe garestienen segmentua grabatzea proposatzen da; gaur egun, merkeenen azpian daude horiek, koefiziente zuzentzaileari dagokionez.
Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zergari (garai bateko gainbalioa) erreparatuz, honetan ere igoera progresiboa planteatzen da, betiere, epe motza zigortuz, espekulazioa ekiditeko xedez.
"Proposamenak udal zerbitzuak bermatzen eta hobetzen jarraitzea du helburu nagusi. Zergen eta tasen zenbatekoen doitze honek, Udalak eskainitako zerbitzu publikoen kalitatea mantentzen jarraitu ahal izateko balioko du, eta batez ere, progresibotasunean aurrerapausoak ematen jarraitzeko", diote Sopelako Udaletik.