Lapikoan edo putxeran prestatu beharko dituzte parte-hartzaileek indabak, lehiaketa egiten den lekuan bertan, hau da, udaletxearen aurreko plazan. Gainera, indaba gorriak erabili beharko dituzte, edo garbantzu zein txitxiro itxurako indaba pintoa. Horiei laguntzeko lau osagai beharrezkoak izango dira, gutxienez: txorizoa, odolostea edo buzkantza, urdaia eta saiheskia; gehiago ere erabil daitezke.
Den-denak prest egon beharko du 13:00etan, beranduenez; izan ere, 12:00etatik 13:00etara bitartean aurkeztu ahal izango dira putxerak. Eguraldi txarra eginez gero, antolatzaileek estalperen bat eskainiko dute lasai bazkaldu ahal izateko. Ostera, mahaiak, aulkiak, platerak eta abarrak parte-hartzaileek eroan beharko dituzte. Sariei dagokienez, garaikurra, ikatza eta diru-saria irabaziko dituzte lehenengo hamarrek, eta sopeloztarrentzako sari bereziak egongo dira.