Esteban Gaubeka nagusitu da Iker Gordonen estreinaldian

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 8a, 09:00

Iker Gordon pilotaria bere aurkezpenean. © INNPALA

Iker Gordon pilotari sopeloztarra palari profesional gisa estreinatu zen bere herriko frontoian, pasa den zapatuan. Atzelariak ezin izan zuen etxekoei garaipena oparitu, baina zapore ona utzi zuen areto betean, Innpala enpresak antolatutako Kutxabank ligaren bere lehenengo partidan.

Gordonek ez zeukan erraza, Pablo Fustogaz batera Esteban Gaubeka armintzarrari eta Ibai Pérezi aurre egin behar izan baitzien. Hala, Lemoizko eta Sestaoko bikoteak 1-3 emaitzagaz nagusitu zen (8-10, 10-6, 1-10 eta 6-10). Behin-behinean, Gaubeka eta Pérez sailkapenaren buru dira eta Gordon eta Fusto azkenak, partida bat gutxiagogaz. Hurrengo demak zapatuan izango dira, hilak 12, Bilboko Bizkaia frontoian.

Iker Gordonek jauzia eman du Mikel Aierberen hutsunea betetzeko. Kureneko atzelariak 26 urte ditu eta Pablo Fusto buenosairestarra aurretik ezagutzen du, beragaz jokatu baitzuen Nazioarteko Opena, Innpalak aholkatuta. Kurenekoak partidaren aurretik umiltasunez agindu zuenez, “ahaleginduko naiz gauzak ondo egiten”, badakielako “ligan puntu bakoitza garrantzitsuagoa dela”. Gordonek asumituta zeukan “kantxara irten beharko naizenean urduri egongo naizela, baina saiatuko naiz ahalik eta hoberen egiten. Balio handia dauka puntu bakoitzak eta ahaleginduko naiz kontzentratuta joaten eta nire bikotekidearen pare egoten”.

Pilota orotako jokalaria

Gordonek palista-lanak egiteko eman du jauzia profesionaletara, baina lasai asko egin zezakeen esku-pilotan edo trinketean ere, eskarmentu handia baitauka modalitate horietan ere. Txikitatik hasi zen esku-pilotan, Ander Deuna ikastolan. Kadeteetan, erreminta erabiltzen hasi zen, baina takoak utzi barik. 2007an, trinketean atrebitu eta gazte kategorian irabazi zituen Bizkaiko txapela, Euskadikoa eta GRAVN lehiaketakoa, Inhar Ugarte getxoztarragaz batera.

Urte berean, “handball” edo pilota irlandarrean ere nabarmendu zen, Azkoitiko Nazioarteko sariketan txapeldunorde geratu baitzen, norbanakoetan zein bikoteetan. 2012an, ordea, Dublingo Mundialean urrezkoa eroan zuen modalitate berean. Pilota orotako jokalariak argi azaldu zuen: “inoiz ezin izan dut aukeratu. Modalitate denetan irabazi dut txapelen bat eta baten bat uzteak pena ematen zidan, guztiak gogoko ditudalako”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun