Urko kirol guneko zelai artifiziala, edo bigarren futbol-zelaia, 2001. urtean instalatu zen eta oraindino dirauen belar artifizialak 15 urteko bizia izan du. Baina urte hauetan "futbol-zelaia asko hondatu da", Udalaren iritziz, "talde ugariren erabilera jarraituaren eta eguraldi txarraren ondorioz". Hala, "Udalak zelaia aldatzea erabaki du".
Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak nabarmendu duenez, "erabiltzaileen zein Udalaren partetik behin eta berriz eskatutako obra da hauxe, zelaia 2001. urtean ipini baitzen. Garrantzitsuena zera da: lanak lehenbailehen bukatzea eta erabiltzaile guztien esku kalitatezko kirol zerbitzuak jartzea".
Hobekuntza lanek kirol zelaiaren zoruaren zaharberritzea dute oinarri, gaur egungoa zelai sintetikoa berri batengatik ordezkatzeko. Berrizketa lanek hilabete bi inguruko iraupena izango dute. Hala, abenduaren bukaerarako edota urtarrilaren hasierarako lanak amaituta egotea aurreikusi dute, "betiere, eguraldiak laguntzen badu".
Nabarmentzekoa da, zelaiaren ordezkapenaz gainera, ateak eta hesien sareak ere berriztatuko direla. Obra osoaren aurrekontua 200.000 bat eurokoa da.
Lanek iraun bitartean, Ugeragako futbol-taldeek partekatu beharko dute belar naturaleko zelaia, baina horretaz gainera litekeena da inguruko kluben babesa eskatu behar izatea.