Gabonetako jardueretan izen-ematea zabalik dago Sopelan

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 17a, 12:00

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte, Gabonetako egonaldi irekiak egingo ditu Sopelako Udalak; 4 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo dira. Hala, egun horietan jarduera ugariz gozatzeko aukera edukiko dute neska-mutilek, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara, Kurtzio kultur etxean. Izena emateko epea abenduaren 11ra arte egongo da zabalik.

Sopelan erroldatuta dauden umeek lehentasuna edukiko dute, eta leku denak betetzen ez badira, beste udalerrietako neska-mutilei emango diete izen-emateko aukera. Gabonetako ekintzetan parte hartu gura dutenek Kurtzio kultur etxera, udaletxera edota Larrabasterrako Sopelarin udal bulegora joan beharko dute. Aste bakoitzeko salneurriei dagokienez, erroldatutako lehenengo seme edo alabarengatik 45 euro ordainduko dute aita-amek; bigarrenagatik 33 euro; hirugarrenagatik eta hurrengoengatik 28 euro; eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familietako umeek 28 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Azkenik, Sopelan erroldatuta ez daudenentzako salneurria 75 eurokoa izango da.

Bestalde, txanda bi egongo dira: lehenengoa, abenduaren 26tik 30era; eta bigarrena, urtarrilaren 2tik 5era, 09:00etatik 14:00etara. Umeek lehen txandan, bigarrenean edo bietan eman ahal izango dute izena, beti ere lekurik egon ezkero.

Txandak horrela antolatu dituzte:

  • 4 eta 6 urte bitartean (20 toki): Bi txandetan gaia "Umeen hiria: Arkitektura" izango da, baina ekintzak desberdinak izango dira. Tailerrak, jolasak eta dinamikak egingo dira, denak gai honi lotuak eta hurrengo helburuakaz: artista ezberdinak ezagutu, hurbileko inguruneaz gozatu, sormena eta irudimena sustatu, etab.
  • 7 eta 10 urte bitartean (24 toki): Adin tarte honetan txanda bakoitzean gai bat jorratuko da:

Abenduaren 26tik 30era (12 toki): "Zirkoa, dantza eta antzerkia" izango da gaia. Akrobazia, oreka, malabarismoak, erlaxazioa eta abarrekin erlazionatutako ekintzak egingo dira.

Urtarrilaren 2tik 5era (12 toki): "Teknologia eta robotika" izango da gaia eta bere helburua zientzia, robotika eta teknologienganako interesa piztea. Programa honen barruan robot eta bideo-jokoakaz erlazionaturiko ekintzak burutuko dira, beste batzuen artean.

  • 11 eta 13 urte bitartean (24 toki): Adin tarte honetan, txanda bakoitzean gai bat jorratuko da:

Abenduaren 26tik 30era (12 toki): "Teknologia eta robotika" izango da gaia eta bere helburua zientzia, robotika eta teknologienganako interesa piztea izango da. Programa honen barruan robot eta bideo-jokoakaz erlazionaturiko ekintzak burutuko dira, beste batzuen artean.

Urtarrilaren 2tik 5era (12 toki): Zirkoa, dantza eta antzerkia" izango da gaia. Akrobazia, oreka, malabarismoak, erlaxazioa eta abarrekin erlazionatutako ekintzak burutuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun