Azaroaren 25a Uribe Kostan

Azaroaren 25a dela-eta, zinema-emanaldia, mahai-ingurua eta antzerki-saioa egingo dituzte Sopelan

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 22a, 12:00

Abuztuaren 20an emakume gazte batek pairatutako sexu-erasoa salatzeko kontzentrazioa.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan, azaroaren 24tik 26ra, hainbat ekitalkdi antolatu dituzte Sopelako Udalak eta Itzartu emakumeen elkarteak, elkarlanean. Hala, azaroaren 24an, Sarah Gavronek zuzendutako "Sufragistas" (Erresuma Batua, 2015) filma ikusgai egongo da, Kurtzio kultur etxean. Genero ikuspegiko zinema-saioa 18:00etan izango da; sarrera, doakoa.

Hurrengo egunean, azaroak 25, barikua, puxikak askatuko dituzte eta egun horretako adierazpena irakurriko dute, 19:00etan, udaletxean. Horren ostean, mahai-ingurua egongo da, udaletxeko sarreran.

Egitarauagaz amaitzeko, azaroaren 26an, zapatua, "Cuaderno en blanco" antzezlana eskainiko du Hika taldeak. Hitzordua 20:00etan ipini dute, Kurtzio kultur etxean; eta sarrerak 5 euroan egongo dira salgai, ohiko lekuetan.

Elkar ikusi barik hogei urte igaro ostean, ustekabean topo egiten duten ahizpa biren istorioa kontatzen du Cuaderno en blanco antzezlanak: Begoñak eta Arratek bizitzarekiko muturreko jarrera ezberdin bi irudikatzen dituzten. Ama hil ostean, ahizpa biak aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko du. "Ezer gutxi dakite amak batengan bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen; nahikoa lan bizitzen", diote Hika taldekoek. Gatazka, emozioa, poetika eta umorea protagonista dauzkan istorio hunkigarria da. Itziar Ituño, Miren Gojenola eta Agurtxane Intxaurraga dira antzezleak.

Egitaraua

Azaroak 24, eguena

  • 18:00 Sufragistas pelikula, Kurtzio kultur etxean. Gaztelaniaz. Sarrera, doan.

Azaroak 25, barikua

  • 19:00 Puxikak askatzea eta adierazpenaren irakurketa, udaletxean. Horren ostean, mahai-ingurua egingo dute, udaletxeko sarreran.

Azaroak 26, zapatua

  • 20:00 Hika taldearen Cuaderno en blanco antzezlana, Kurtzio kultur etxean. Gaztelaniaz. Sarrera: 5 euro.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun