Erakunde biak jakitun dira drogen eraginpean gidatzea "gizarte-arazo bat" dela eta beharrezkoak direla, horri aurre egiteko, eskumenak dauzkaten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolakuntza-moldeak.
"Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeak drogak listuan hautemateko gailuen aldeko hautua egiten du, egiaztatu delako juridikoki seguruak direla; gidarientzat ez dira intrusiboegiak eta, poliziaren ikuspuntutik, bideragarriak dira", adierazi dute udal iturri sopeloztarrek. Bide-segurtasunerako arazorik larrienetakoa bati aurre egin gura diote; drogen eraginpean gidatzen den hautemateko probak listuaren bidez egingo dira, baimendutako gailu bategaz, eta ondoren listu-kopuru nahikoa duen lagin bat analizatuz.
Sopelako udaltzaingoak ez du baliabide teknikorik drogen eraginpean gidatzen ote den jakiteko; analisiak egiteko beharrezkoak dira polizia zientifikoak eta perituak. Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateak, horretarako beharrezkoak diren azpiegiturak dituenez gero, alde biek egoki iritzi diote horiek erabiltzeari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean aurreikusitako listu-proban lortutako laginak analizatzeko eta, horrela, drogen eraginpean gidatu izan den egiaztatu ahal izateko.
Era honetan, itxuraz, sustantziapean gertatutako istripu edo trafikoko arau-hausteen kasuan edota Sopelako Udalean programatutako prebentzio-kontroletan udaltzainek gidariei drogak listuan hautemateko testa egiteko eskubide osoa daukate; eta gidariak, gainera, proba egitera behartuta daude.
Sinatutako hitzarmen berri hau, Sopelako Udalak eta bertoko Udaltzaingoak euren titulartasunean dauden bideen Bide Segurtasuneko Zaintze eta Kontrolaren alde egiten duten apustuaren erakusgarri da. "Segurtasuna denen arazoa izanik, 2020rako Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren helburu garrantzitsuenetariko bat betetzea du helburu hitzarmenak: bideetan hildakoen eta zauritu larrien kopurua murriztea", amaitu dute.