Azaroaren 25a Uribe Kostan

Sopelako elizan egindako pintaketa bere gain hartu du Trankuk

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 23a, 17:15

"Min handiagoa egingo dizue honek, babesten duzuen biolentzia eta zapalkuntzak baino" irakur zitekeen pintadan. © TRANKU

Sopelako San Pedro eliza indarkeria matxistaren aurkako pintaketakaz agertu zen, astelehen goizean; 24 ordutan udal langileek eliza berriz zuritu zuten, Sopela.net agerkari digitalak nabarmendu duenez. Egun hauetan, Tranku gazte-erakundeak bere gain hartu du elizan egindako pintaketa, sare sozialetan zabaldutako idatzi baten bitartez.

Trankuk zabaldutako adierazpena:

Datorren astean emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna izango da. Zalantzarik ez daukagu, instituzio eta erakundeek ekitaldi eta adierazpenak egingo dituztela indarkeria horren kontra.

Baina, zalantzarik ere ez daukagu, adierazpenotan emakumeonganako indarkeria kontzeptu abstraktu edo gertakari isolatu moduan tratatuko dutela. Ez da indarkeria horren errudunik seinalatuko. Eta jakina, ez dira indarkeria hori babesten duten pertsona, erakunde, ideologia eta jarrerak kondenatuko.

Guk, ordea, argi daukagu emakumeon aurkako indarkeria eta diskriminazioa sistematikoak direla. Horregatik, hori eragiten duten hezkuntza, kultura eta balore arkaikoak salatuko ditugu. Eta horregatik, hori guztia babesten dutenak seinalatuko ditugu, gizartearen bidegabekeriaren erantzule direla erakusteko.

Elizak mendeetan zehar gure gizarte matxista eraiki du. Hezkuntza, kultura, erlijioa eta boterearen jabe izanda, beste inork baino erantzukizun handiagoa dauka emakumeak bigarren mailako pertsona bihurtzen. Eta bide berean jarraitzen du eta jarraituko du, horregatik barkamenik eskatu, erantzukizunik adierazi edo hausnarketarik egin barik.

Are gehiago, Elizaren jarraitzaileei larriagoa irudituko zaie eraikina margotzea, salatzen dugun indarkeria sistematikoa baino. Min handiagoa egingo die ordena tradizionala apurtzeak emakumeak diskriminatuta bizitzeak baino.

Baina, guk badauzkagu hitz bi zapaltzaileak babesten dituztenak deskribatzeko: bata konplize da eta bestea errudun.

Tranku

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun