Gertaera abenduaren 5ean izan zen, astelehenagaz, 16:30ak aldera, Udalak jakinarazi duenez: "Udaltzaingoak alarma dei bat jaso zuen; herriko argiterian zenbait sentsore daude instalatuta eta, norbait kablea lapurtzeko ahaleginetan dabilenean, alarma aktibatu egiten da. Kasu honetan, alarma Ingestabaso kaletik zetorren".
Berehala bertaratu ei ziren udaltzainak"eta, "alarma aktibatutako kutxatilaren inguruan, ikertzen ari diren pertsonak aurkitu zituzten". Kutxatilaren ingurura begiratu ostean, "kableak moztuta zeudela ikusi zuten" udaltzainek. Gainera, "ikertuen autoak miatzean, agenteek hainbat tresna berezigaz egin zuten topo: kutxatilak zabaltzeko palankatxoak, bihurkinak, giltza finkoak, eta abarrak".
Sopelako Udalak dioenez, "azkenaldian, pare bat aldiz izan dira kable mozketak inguru horretan; horrek eragina izan du espaloietako eta bidegorrietako argiterian". Udal-zerbitzuek mozketa horiek "daborduko konpondu behar izan zituzten". Ekiteko moduari buruz, Udalak dio "mota honetako delituen kasuetan erabiltzen den berdina" izan dela: "Oso azkar mozten dituzte kableak, ihes egiten dute eta gutxira bueltatu egiten dira, tira egiteko. Ondoren, kobrea estaltzen duen plastikozko azala kendu eta pisura saltzen dute merkatu beltzean".