Gaurko udal-batzarrerako aurkeztutako mozioak "zentsuratu" dizkiotela salatu du Sopelako EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 31a, 18:20

Gontzal Hermosilla EAJko alkateari egotzi diote mozioak "zentsuratzearen" erabakia. © SOPELAKO UDALA

Elektrizitatearen horniketaren eta kartoien bilketaren inguruan mozio bana aurkeztuak zituela iragarri zuen joan den astean Sopelako EH Bilduk. Gaur, ordea, proposamen biak erregu, galdera eta mozio ez erabakigarrien txandan aurkeztu beharko dituela salatu du koalizio ezkertiarrak; azaldu dutenez, Gontzal Hermosilla EAJko alkateak hartu du erabakia. Gaiaren "larritasuna" ikusita, osoko bilkurara joateko eskatu die EH Bilduk sopeloztarrei; gaur 19:30ean izango da.

Sopelako EH Bilduk azaldu duenez, koalizioak mozio bi aurkeztu zituen joan den eguenean, urtarrilak 26, bozeramaileen batzordean: elektrizitate-horniketaren inguruko proposamen bat eta kartoien zein paperen bilketaren inguruko beste bat. "Gure asmoa, bi proposamen horien inguruan plenoan bertan eztabaidatzea zen eta ondoren, alderdi politiko guztien artean erabakitzea proposamen horiekin aurrera jo edo ez", adierazi dute ezkerzaleek.

Baina, azaldu dutenez, egunean bertan Gontzal Hermosillak alkatetza-dekretu bat kaleratu zuen, osoko bilkuraren gai ordena finkatuz. "Bertan ez dira agertzen Bilduren bi mozioak: Sopelako alkateak ez ditu onartu osoko bilkuraren atal erabakitzailean (hau da, plenoaren eztabaidarako, bozketarako eta erabakitzeko tartean). Beraz, erregu, galdera eta mozio ez erabakigarrietan sartuko dira", kritikatu dute EH Bildukoek.

Bestalde, koalizioak baieztatu duenez, urtarrilaren 30ean Sopelako Udalaren zerbitzu juridikoen txosten bat jaso zuten, mozio biak udal-batzarraren "atal ez erabakitzailean" sartzearen arrazoiak argudiatuz: "alkateak du osoko bilkuraren gai ordena finkatzeko eskumena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun