Espainiako selekzioaren hautatzaile Salvador Meliák jakinarazi duenez, txirrindulari biek taldekako jazarpen-proban parte hartuko dute, domekan, Ane Iriarte billabonatarragaz eta Balear Uharteetako Marga Lópezegaz batera. Laukotea Calin bertan hasi da batera entrenatzen. Helburu zehatz barik, ahalik eta hoberen egiteko asmoagaz lehiatuko dira.
Batetik, Ziortza Isasik lehenengo aldiz parte hartuko du Munduko Kopan; baina, nobedadea izatearren, ez da ezusterik izan bizkaitarra taldekako jazarpeneko laukoteko partaide izatea. Izan ere, Espainiako txapelketan urrezko hiru domina eta zilarrezko bat lortu zituen iaz, tartean 23 urtez azpiko mailako bi. Salvador Meliá Espainiako selekzioaren hautatzaileak orduan ere berarengana jo zuen. Bestetik, Gloria Rodríguezek ere hainbat domina batu zituen aurtengo Espainiako pista-txapelketan: urrezko bi eta zilarrezko bat. Laugarrena, errepidean lortu zuen.
Espainiako selekzioagaz Munduko Kopako hirugarren proban, eurakaz batera, bost euskal txirrindulari izango dira: Tania Calvo, Juan Peralta, Enrique Sanz, Illart Zuazubiskar eta Ana Usabiaga.
Meliák azaldu duenez, “Calin, helburua da taldekako probetan Munduko Txapelketarako sailkatzea; emakumezkoetan gertu gaude, baina falta da gizonezkoen taldekoa ixtea. Los Angelesen, ostera, banakako probak berretsi eta ixtea izango da asmoa”. Kalifornian jokatuko da Munduko Koparen laugarren eta azken proba. Apirilean, berriz, Munduko Txapelketa izango da, Hong Kongen; bertan izateko aukera izan dezakete Isasik eta Rodríguezek, ordurako puntu nahiko batuz gero.