Olga Sanz preso sopeloztarrari lau eguneko baimena eman diote

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 10a, 13:12

Olga Sanz Martin ETAko Bizkaia komandoko kide ohiari lau eguneko baimena eman dio José Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, SER irrati-kateak zabaldu duenez. Aipatutako iturriak azaldu duenez, magistratuak kontuan hartu omen du presoak "espetxe-zigorraren erdia bete eta erakunde terroristatik zein EPPKtik bereizten duen dokumentu bat sinatu duela". Halaber, "biktimei barkamena eskatu" ei die eta "damututa" omen dago.

SER irrati-kateak gaineratu duenez, "Olga Sanz Martinezek egindako delituak aitortu dituela eta erantzukizun zibilari aurre egiten hasi dela dio epaileak". Justiziari laguntzeko prest agertu omen da, "egindako delituak argitzeko informazioa ematerako orduan".

Bestalde, espetxe-barruan "tatxagabeko jokabidea" ei dauka: "gatazkak saihesteko, bitartekari lanak egiten ditu. Bestalde, joskintza-tailerraren ardura dauka, eta lantalde teknikoak finkatutako tratamendu-jardueretan laguntzen du".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun