Sopelako Udaltzaingoa lagun bi ikertzen dabil, trafiko-delituak egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 15a, 17:26
© SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaltzaingoak 19 eta 37 urteko Bilboko lagun bi atxilotu zituen joan den aste-akabuan, trafiko-segurtasunaren aurkako ustezko delituengatik. Bati, ausarkeriaz eta gida-baimen barik gidatzea leporatu diote; eta besteari, puntu barik gidatzea.

Aurreko zapatuan (martxoak 11), 13:30ak aldera, Sopelako Udaltzaingoak modu desegokian zebilen auto bat geldiarazi zuen, Urkobide kalean. Gidariak, 19 urteko gazte bilbotar batek, ez zien kasurik egin agenteen aginduei, eta ziztu bizian abiatu zen Getxora bidean. Kotxeak Uribe Kostako pasabidea, Avanzada eta A-8 errepidea zeharkatu zituen, Barakaldoraino heldu zen arte. Bertan, pasabide nagusitik atera eta Gurutzetako ospitalearen ondoko irteera gabeko kale batean amaitu zuen ihesaldia. Udaltzainek bidaiariak identifikatu zituzten, kotxea geldiarazi ostean. Identifikazioan konprobatu zutenaren arabera, gidariak ez du sekula gida-baimenik izan; hortaz, bide segurtasunaren kontrako delituengatik polizia-atestatua zabaldu zuten. Autoa udal-biltegira eroan zuten eta epaitegiaren esku geratu zen. Lau bidaiarien azaleko-erregistroan kalitate ezberdineko substantzia estupefazienteak aurkitu zituzten. Gauzak horrela, udaltzainek salaketa-aktak egin zituzten, Herritarren Segurtasunerako Legearen urraketa egotzita.

Halaber, Udaltzaingoak jakinarazi duenez, martxoaren 10ean, 37 urteko Bilboko lagun bat epaiketa azkar bat egiteko deitua izan zen, ikertu gisa. Gizonezkoa, puntu barik eta horiek berreskuratzeko ikastarorik egin barik harrapatu zuten. Gertaera 14:45ak aldera jazo zen Akilino Arriola kalean. Udaltzainek gidaria geldiarazi zuten eta dokumentazioa konprobatzerakoan, punturik ez zuela baieztatu zuten. Hortaz, ikerketa zabaldu zioten, Bide Segurtasunaren kontrako delitua leporatuta; izan ere, antza denez, daborduko gidaria delitu beragatik ikertu zuten 2013an eta 2015ean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun