Halere, Urkoko lanek zenbait ika-mika ekarri dituzte. Berbarako, Ugeraga kirol-elkarteko lehenengo taldeko entrenatzaileak, Omar Alonsok, bere haserrea agertu zuen obrak amaitu baino lehen. Alonsok kritikatu zuen Udalak agindu ziela lanak amaituta egongo zirela denboraldia hasi aurretik, baina abuztuaren 15ean hasi zirenean konturatu ziren ez zela horrela izango: "okerrena da, gainera, belar naturaleko zelaia erabat txikituta eta utzita topatu genuela". Hala, enpresa bat kontratatu behar izan zuten zelai hori egokitzeko. Ondoren, lanak abenduan hasi zirenean, kritikatu zituzten klubeko partidak baldintzatzeagatik eta belar artifizialerako eguraldi desegokia aukeratu izateagatik.
EH Bildu koalizioak, ostera, salatu du Urkokoa "lardaskeria" dela. Gainera, ezkerreko alderdiak gogorarazi du 2017rako aurrekonturako gutxieneko hitzarmenean, horren inguruko klausula sartu zutela, Urkoko azpiegitura-lanak kirol-taldeakaz hitzar zitzaten. Azkenik, oroitarazi dute EAJk eta PSE-EEk futbol-zelaia atontzearen aurka bozkatu zutela 2015ean: "belarra 2015eko udatik egon zitekeen zaharberrituta".
Kontuak hala, Urkoko futbol-zelai artifiziala 2001ean instalatu eta, 2010ean hainbat moldaketa egin ziren. Belar artifiziala ez da orain arte aldatu, 16 urteko biziaren ostean.