Sopelako udaltzainen jokabidea salatuko dute gaur arrastian

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 23a, 17:43

Udaltzainen patruila-autoa. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu zituen herenegun, martxoaren 21ean, supermerkatu batean lapurreta egitea egotzita. Besteak beste, "autoritate-agenteen kontrako atentatua eta erasoa" leporatzen dizkiete lagun horiei; udal-iturrien arabera, atxiloketan parte hartu zuten lau poliziak "bajan daude". Gertatutakoaren lekukoek, ostera, agintari sopeloztarrek zabaldutako bertsioa "gezurrez beteta" dagoela diote. Hainbat herritarren kontzentrazioa deitu dute gaurko, "bortizkeria" salatu eta "Sopelan beste eredu polizial bat" aldarrikatzeko; 19:00etan egingo dute, Udaltzaingoaren komisariaren aurrean. Izan ere, deitzaileen berbetan, azken urteotan "ohikoak" dira polizia sopeloztarren "gehiegikeriak".

Udal-arduradunek zabaldu dutenez, Herritarren Segurtasunerako lanetan zebilen udaltzain-patruila batek abisua jaso zuen martitzenean, 19:30ak aldera; lau gizon produktuak arropa barruan sartzen omen zebiltzan, Zubigabe kaleko supermerkatu batean. Bi agenteak saltokira hurbildu ziren; daborduko beste bi "lankide" zain zeuden bertan. Agintarien berbetan, "supermerkatuko lankide batek, lokaletik ateratzen ari ziren jatorri magrebtarreko lau gizon gertaeren egile gisa identifikatu zituen. Segituan, agenteek zegokien identifikazioa eskatu zien gizonei, baina batek bakarrik bete zuen esana, beste hirurek, aldiz, hamar alditan egin zioten uko eskaerari".

Lekukoen arabera, ostera, "supermerkatutik atera bezain laster, udaltzainak kanpoan zain zeuzkaten lau gizonak; erosketen tiketa eskuan zeroaten". Gaineratu dutenez, "kanpotarrak izateagatik ez zituzten ezertan identifikatu behar"; lekukoek onartu zutenez, identifikatzeari uko egin zioten lagunetatik hiruk.

Sopelako Udalaren bertsioagaz jarraituz, identifikatzeari uko egin zioten hiru lagunak "agenteak iraintzen hasi ziren. Ondoren, supermerkatuko produktuz beteriko poltsak hartu eta lurrera bota zituzten, kale osoa zikinduz". Argintari sopeloztarrek gaineratu dutenez, "agenteek, beste behin, hiru gizonak lasaitzen saiatu ziren, baina euren jarrera ezkorraren ondorioz, udaltzain batek gizonezkoetako bati, desobedientzia-delitu batengatik atxilotuta zegoela jakinarazi zion. Atxiloketa ekiditeko helburuagaz, gizona ahoz gora bota zen agentearen kontra eta segituan lurretik poltsak hartu eta udaltzaingoko agenteei bota zizkien aurpegira. Supermerkatuko langileen esanetan, lurrean sakabanatuta geratutako produktuak gizonek ezkutatutakoak ziren". Udalaren prentsa-oharrean irakur-daitekeenez, "bi agente, gizonezkoa geldiarazteko lanetan ari ziren bitartean, beste bi, bigarren gizonezko bat geldiarazteko ahaleginetan ari ziren. Bultzaka ibili ostean, agente eta gizonezko bat lurrera erori ziren eta azken horrek agentearen arma segurtasun zorrotik ateratzen saiatu zen, arrakastarik gabe. Bitartean, bigarren gizona beste bi agenteei listua botatzen hasi zen, ukabilkada eta ukondokada ere. Azkenik, bi gizonezkoak atxiki zituzten eta esku-burdinak jarri zizkieten. Pertenentziak errebisatu ondoren, identifikatuak eta atxilotuak izan ziren honako ustezko delituak egotzita: desobedientzia, erresistentzia aktiboa, autoritate-agenteen kontrako atentatua eta erasoa".

Gertatzen zena ikusita, tokira hurbiltzen hasi ziren inguruan zebiltzan herritarrak. Lekukoak diotenez, "udaltzaingoak izan ziren indarkeriaz baliatu zirenak: lurrera bota zituzten, zangoa lepoan ipini zieten...". Are gehiago. Atxiloketa gauzatzen zen bitartean, identifikatzeari uko egin ei zion hirugarren gizonak inguruko jendeari gertatzen zebilena grabatzea eskatu zion: "Dena grabatu ezazue, ikus dadila, lotsagarria da, herri osoak ikus dezala". Herritarren batek grabatutako bideo horietako bat sakelakoz sakelako ibili da azken egunotan. Hain zuzen ere, "bideoa jende askok ikusi duenez, prentsa-oharra udaltzainen jokabidea zuritzeko atera dutela" uste dute kontzentrazioaren deitzaileek. Euren berbetan, martitzenean gertatu zenagaz "agortu egin da auzokideon pazientzia"; diotenez, azken urteotan "ohikoak" dira polizia sopeloztarren "gehiegikeriak". Gaineratu dutenez, "ia egunero ipintzen dituzte kontrolak".

Ertzaintzaren hiru kotxe gerturatu ziren hiru atxilotuak Getxoko komisariara eramateko. "Gaur egun bajan dauden lau agenteak ere mutualitatera eraman zituzten lesioak sendatzeko", udal-iturriek diotenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun