Etzi, domekan, udaberriaren etorrera ospatuko dute sopeloztarrek, urtaro-aldaketatik aste batzuetara. Laugarren aldia izango da Meñakoz elkarteak jai hori ospatuko duena, eta ohiko osagaiak ez dira faltako.
Hala, pandero joleek 12:30ean emango diote hasiera jaiari, udaletxearen ondoko plazan. Ondoren, 13:00etan, euskal dantzak izango dira eta bukatzeko, 17:30etik aurrera, gidatutako dantzen erromeriak girotuko du plaza.
Meñakoz kultur erakundearen helburua euskara eta euskal kultura sustatzea da, eta ezaguna da antolatutako erromeriengatik; baina horrez gainera, beste hainbat ekintza eta jardunetan ibili dira beharrean buru-belarri urteotan. Esate baterako, Meñakozen babesean Eguzkilore umeen dantza-taldea jaio zen, eta elkarteak harreman handia izan du nagusien dantza-taldeagaz, pandero joleakaz eta Berbalapiko sendientzako berbalagun ekimenagaz.
Udaberriko jaia ospatzeri ekin zion Meñakozek antzinako ohiturak gaurkotzeko asmoz. Sopelan ohitura zen udaberria hastean abadea langile eta baserritarrakaz elkartzea, Munarriraino igo eta bertan otoi egitea urte horretako uztak oparoak izan zitezen. Herriraino bueltatzean, "katu-kakak" izeneko kanpai-hotsak jotzen zituzten.