"Nómadas en la Arena" eskainiko dute Kurtzion

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 17a, 09:18
Aurreko edizioetako Panda Raid lasterketa. © PANDA RAID

Maiatzaren 25ean Sopelako Kurtzio kultur etxeak sei lagunek Marokoko basamortuan hiru Seat Pandetan bizitako esperientzia kontatzen duen Nómadas en la Arena dokumentala proiektatuko du gaztelaniaz eta doan. Bidaiariak Luis Miguel Eguiluz, Iker Ortega eta Carlos Pérez sopeloztarrak eta Koldo Uria algortarra dira, Alfredo Varela santurtziarra eta Unai González trapagarandarragaz batera.

Seikoteak 5.000 kilometro baino gehiago egin ditu bere kabuz gaitutako hiru Seat Pandetan, Panda Raid lasterketa amateurraren bederatzigarren edizioan parte hartzeko asmoz. Lasterketa honetan parte hartzeko ezinbestekoa da Seat Panda edo Marbella bat edukitzea. Panda Raid Bizkaiakoen kasuan 1994 eta 1998 urteetako auto bi zituzten, 42 eta 41CVkoak, Gipuzkoakoa bata, Lugokoa bestea.
Aurtengo edizioa, antza denez, berezi xamarra izan dela aipatu dute, “elkartasun-probak ohiko izpirituari muzin egin diolako”. Hori dela eta, bestelako bidaia egitea erabaki zuten Panda Raid Bizkaiko mutilek, lasterketa alde batera utziz eta solidaritateari helduz, behartsuei lagunduz.
Helburu nagusi berria arropa, zapatak, jostailuak, material didaktikoak eta bestelakoak herri behartsuei eramatea izan da, batez ere Marokoko hegoaldeko herrietan. Pisu hori guztia eramateko Koldok eta Carlosek Panda bat erosi zuten. Aurtengo edizioan 150 kilo baino gehiago batu zituzten, eta autoetan sartu ez zena Mugarik gabeko Medikuak Gobernuz Kanpoko Elkartearen bitartez bidali zuten hegazkinez, bidaia hasi baino lehen.
Teknologiatik urrun
Panda Raid izenak Distantzia luzea egiten den (Raid) lagunen arteko (Panda) proba esan nahi du, Seat Panda edo Marbella modeloko auto zaharrak erabiliz. Distantzia luzeko rally amateurra da, urtero martxoan egiten dena. Lasterketa honetan 100 ibilgailuk baino gehiagok hartzen dute parte zazpi etapetako ibilbidean, lasterketako webguneak adierazten duen bezala.
Lasterketako antolatzaileek esaten dute wifi eta teknologia berririk gabeko proba dela, “antzinako Raidek egiten zuten bezala”. Horrez gainera, denbora-neurketa sistema berezi baten bidez ikuskatzen da auto bakoitzaren nabigazioa. Ibilbide-dibertsitatea aipagarria da antolatzaileen webgunearen arabera: “etapa bakoitzak berezitasun propioak dauzka: zailtasunean, lursail-motan eta kilometro-kopuruan”, aipatzen da webgunean. Bederatzigarren edizio hau martxoaren 4tik 11ra arte antolatu zen, Nador portutik Marrakex hiriraino.
Panda Raid Bizkaikoak Kirol probatik urrundu ziren eta martxoaren 7tik 17ra izan ziren kanpoan, ibilbidea Merzouga herrinaino eginez eta bertako behartsuei lagunduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun