Hala, Loiola Ander Deuna kaleko 40. atariko lonjan ekainean egingo duten lehenengo jarduera “Politizazioa euskararen irakaskuntzan” berbaldia izango da, eguen honetan, ekainak 1, 19:30ean. Hurrengo eguenean eta ordu berean, ostera, Etxeko Langileen Elkarteak azalduko ditu hitzaldi baten bidez etxeetan beharrean dabiltzan emakumeek pairatzen duten eskubide-urraketak. Hilabeteko azken berbaldia hilaren 22an, eguena ere, egingo dute. Egun horretan, 19:00etatik aurrera, Askapenako zenbait kidek kontatuko dute zein den gaur egun Kurdistango egoera soziopolitikoa.
Bestalde, antzerkiak ere bere leku izango du Plaza Beltzan: hilaren 9an, barikuan, Bang! lana taularatuko dute. Azkenik, musika ez da faltako Larrabasterrako gune alternatiboan. Bertako oholtzatik pasatuko dira Joseba B. Lenoir (ekainaren 2an), Barre Ikara eta Tritón (hilaren 16an), Kinto Contenedor eta Kalera (10ean), Artaza Combat eta Hexen (17an) eta Deceiver (ekainaren 24an).