Sopelako Udalak agindutako inkestaren arabera, sopeloztarrek bide hori eraikitzeko beharrizana 10etik 7,87koa dela diote. Hala, egunotan, informazio-orriak banatzen dabiltza agintariak, sopeloztar denek parte hartzeko moduen eta daten inguruko informazioa izan dezaten. Era berean, Udalaren webgunean gune berezi bat zabalduko dute, inprimaki baten bitartez, erabiltzaileek beraien ekarpenak egin ditzaten.
Bitartean, Sopelako EH Bilduk haserrea agertu du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Gobernu-taldeak egindako galdeketagaz; Gizaker enpresak egin zien 400 sopeloztarrei, telefonoz. Koalizio ezkerzalearen berbetan, "herritarrek Urdulizko ospitalerako errepidea egitearen alde ipintzera bideratuta daude galderak". Aldi berean, etxez etxe banatzen dabiltzan informazio-orrietan "manipulazioa" igarri dela kritikatu du EH Bilduk. Besteak beste, hau aipatzen da: "Berangoko merkatalgunea laster zabalduko dute; trafiko-fluxua hobetuko du errepideak. Horrez gainera, Sopela eta Urduliz lotzen dituen errepideagaz bat egingo du, ospitalerako sarbidea bilakatuz". Ezkerzaleen berbetan, ordea, ez da "trafikoa areagotzearen daturik ematen".
Osteikoko errepideko tirabira ez da kontu berria. Alkatetzara iritsi zenean, EH Bilduk proiektua geldiarazi zuen, "errepide horren bitartez, trafikoa asko handituko zelako udalerri osoan". EAJk berreskuratu egin zuen, aginte-makila berriro hartzean.