Bihar hasiko da Pro Junior Sopela surf-txapelketa

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 18a, 11:05

Juliette Brice surflariak irabazi zuen iazko Sopela Pro Junior txapelketa. © MASUREL - WSL

Bihartik domekara bitartean, nazioarteko surflari gazte onenetakoak lehiatuko dira Sopelako Arriatera hondartzan, ASP Pro Junior Sopela surf-txapelketan. Hala, uztailaren 19tik 23ra izango da Munduko Surf Ligaren European Junior Qualifying Series zirkuituaren barruko proba.

Txapelketa hori geldiune garrantzitsua da Europako gazte-zirkuituan. Izan ere, ASP berak, gazte-ekitaldi onena dela ziurtatzen du. Junior Pro Sopela txapelketak 18 urtez azpiko surflarien artean 10.000 dolar inguru banatuko ditu sarietan.

Proba horretan 15 nazionalitatetako 170 surflarik parte hartuko dutela aurreikusi du antolakuntzak. Izan ere, zirkuitu horretan parte hartzen duten gazte askok, mundu mailako WQS zirkuituan ere parte hartzen dute. Gazte-mailako munduko probetarako tranpolin zuzena ere bada. Horregatik, aukera ezin hobea da etorkizun laburrean mundu-mailako liderrak izango direnak etxean lehiatzen ikusteko.

Peñatxuri Surf Taldeak antolatzen du ekitaldi hori eta, besteak beste, Sopelñako Udalaren, Aldundiaren eta Euskal Herriko Surf Federazioaren laguntza dauka.

Aurtengo  faboritoak

Teresa Bonvalot portugaldarrak lortu zuen Europako gazte-rankingeko buruan ipintzea azken proban, Espinhon (Portugal) lortu zuen garaipenari esker. Behin behineko txapelduna Sopelan izatea espero da. Modu berean, Juliette Brice iazko irabazlea Arriateran izatea espero da.

Gizonezkoetan, emozioa Marco Mignot (2.275 puntu) frantsesaren eta Kauli Vaast (1.950 puntu) tahitiarraren artean espero da, sailkapeneko buruan azkenengo ekitaldietan lehia gogor bat mantendu izan dutelako. Bestalde, ez da komeni bistatik galtzea Ruben Vitoria eta Iker Amatriai zarauztarrak, sailkapen orokorrean laugarren eta seigarren postuan, hurrenez hurren, biak sasoi onean eta Euskal Herriko publikoaren aurrean nabarmentzeko gogo handiz. Denen artetik 2017ko Europako Junior txapelduna aterako da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun