Surfaz eta musikaz inguratuta egongo da Sopela irailean

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 27a, 16:48

Aurreko edizio bateko aurkezpena, artxiboko irudian. © SOPELAKO UDALA

Sopela Kosta Fest jaialdia egingo dute irailaren 21etik 24ra bitartean, eta Delorean taldea izango da laugarren edizio horretako kartel-burua, Udalak jakinarazi duenez. Horrez gainera, beste bederatzi talde eta musika jartzaile taularatuko dira: Willis Drummond, Los Tiki Phantoms, Señores, Rubia, Koban, Kokein, Tomasito eta Optigan DJ. Kontzertu denak udaletxeko plazan izango dira, doan.

Irailaren 22an, barikuan, Iparraldeko Willis Drummon taldeak "Tabula Rasa" izeneko azken lana aurkeztuko du, taldeak ohikoak dituen gitarra zorrotzakaz eta euskaraz abestutako doinuakaz, betiere 1990eko hamarkadako punka gogora ekartzen duten abestiak eskainita. Kataluniako Los Tiki Phantoms taldearen surf-rock-ak, Señores talde bilbotarraren rock zitalak eta Sara Iñiguez buru duen Rubia taldearen musikak osatuko dute kontzertuen lehenengo emankizuna.

Hurrengo egunean, zapatuan, Zarautzeko Delorean taldearen erritmo dantzagarriak nagsuituko dira Sopelan. Jerezko Tomasito artista flamenkoaren rocka, Koban donostiarren elektro-swing-a, Kokein rockero zaildu eibartarrak eta Optigan DJ izango dira bigarren jardunaldiko beste protagonistak.

Kayak eta surf ikastaroak, doan

Sopela Kosta Fest jaialdiaren laugarren edizioak kirol bi horien inguruko kulturari lotutako hainbat ikastaro eta ekintza eskainiko ditu. Horrez gainera, Euskal Herriko surf-zirkuituan sona handia duen txapelketa ere hartuko du jaialdiak.

Iazko harrera "bikainaren" ondoren, Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean segituko dute Euskadiko surf-zirkuiturako baliagarria den txapelketa egiteko.

Udalerriko bost surf-eskola arduratuko dira doako hastapen-ikastaroak emateaz. Peña Txuri Surf Eskolak, gainera, egokitutako surf-ikastaroak emango dizkie behar bereziak dituzten gazteei, olatuen gainean aritzeak eskaintzen dituen bizipenak ezagutu ditzaten.

Surfak sortu dituen kiroletako bat da kayak-surfa; hala, modalitate horretan adituak diren hainbat lagunek doako saioak emango dituzte Barinatxeko hondartzan. Kirol horrek kayakaren, arraunaren eta surfaren arteko nahasketa egiten du.

Film laburren III. Lehiaketa, zabalik

Antolatzaileak Sopela Kosta Fest jaialdiko film laburren edizioan parte-hartuko duten bideo-lanak jasotzen ari dira egunotan.

Parte-hartzea erabat doakoa da eta lehiatu ahal izateko nahikoa da jaialdiaren webgunean izena ematea, helbidean, aurrez film laburra eskegi den plataformaren lotura jarrita (YouTube, Vimeo, eta abar).

Lehiaketaren baldintza eta oinarri denak Sopela Kosta Fest jaialdiaren webgunean bertan ikus daitezke. Lan guztiek surfa eta natura izan beharko dituzte ardatz, eta gehienez 30 minutuko luzera. Sarituko dituzten film labur guztiak jendaurrean proiektatuko dituzte, jaialdiaren lehen jardunaldian egingo den gala berezian, eguenean, irailaren 21ean. Gainera, jaialdiko webgune ofizialean ere ikusgai egongo dira.

Guztira, 1.000 euro banatuko dira saritan. Lanik onenak 500 euroko dirusaria jasoko du, 250 euro herriko egile onenak eta beste 250 euro ‘Taula Lila’ alorreko irabazleak. Atal horretan emakumeek eginiko lanek hartuko dute parte, eta emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinagaz, beti ere.

Irailaren 22an, ostera, Surf Bussines Meeting jardunaldia egingo dute; bertan, aztertuko dituzte surfak inguruan sor ditzakeen negozio aukerak, turismoaren eta ekonomiaren ikuspegitik, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun