Gizonezko bat atxilotu dute Sopelan, emakume bat kolpatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 20a, 16:14

2016ko abuztuaren 20an emakume gazte batek pairatutako sexu-erasoa gaitzetsi zuten 130 bat sopeloztarrek, handik egun batzuetara.

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen domekan, Sopelan; sexu-abusua, erasoa eta substantzia sorgorgarrien trafikoa leporatzen diote. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutako prentsa-oharraren arabera, gizonezko batek sexu-ukituak egin zizkion emakume bati, herriko pub bateko komunean. Patruila batek susmagarria aurkitu eta atxilotu egin zuen, eta soinean zeramatzan substantzia sorgorgarriak kendu zizkion, polizia-iturriek azaldu dutenez.

Domekan, goizeko 07:30ean, Sopelako pub bateko komunetan zegoen emakume bati gizonezko bat hurbildu zitzaion eta sexu-ukituak egin zizkion, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Polizia-iturriek gaineratu dutenez, emakumeak haserre bizian erantzun zionean, gizonezkoak ukabilkadak eman zizkion aurpegian eta, ostean, alde egin zuen tabernatik. Biktimak establezimenduaren arduradunei dei egin zien eta hauek Ertzaintzari, eta berehala bertaratu zen ostalaritzako establezimendura. Hainbat lekukok eman ei zuten susmagarriaren deskribapena eta handik pixka batera aurkitu zuen patruila batek herriko beste taberna bateko terrazan.

Ertzainek identifikatu egin zuten usteko erasotzailea, eta miatu zutenean 29 pilula, 6 poltsatxo (segur aski speed-a) eta haxix-zati bi aurkitu zizkioten; guztiak ere saltzeko prestatutako drogak zirela pentsatu zuten. Soinean 213 euro ere zeroatzan, billete eta txanponetan. Ertzainek laban bat eta droga manipulatzeko aliketak ere aurkitu omen zizkioten susmagarriari. Ebidentzia horien aurrean, ertzainek arrastatu egin zuten susmagarria sexu-abusua, erasoa eta droga-trafikoa leporatuta. Bestalde, erasoa jasan zuen emakumea osasun-zentro batean artatu zuten; aurpegian hainbat kolpe zituen. Atxilotua 47 urteko gizonezkoa da eta polizia-aurrekariak dauzka; Ertzaintzaren dependentzietara eraman zuten zegozkion eginbideak irekitzeko eta, ondoren, epailearen aurrera eramateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun