Damaris Egurrola eta "Txopo" Iribar, birziklatzearen alde

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 26a, 16:11

Damaris Egurrola Wienke Athleticeko erdilari eta Erandioko Betiko Neskak taldearen jokalari ohiak eta Jose Ángel "Txopo" Iribar Athleticeko atezain mitiko eta Sopelako auzokdieak parte hartu dute birziklatzearen aldeko bideo batean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Athleticek Ecoembes enpresagaz batera bultzatutakoa. Bideo berean, Athleticeko beste jokalari eta futbolari ohi batzuk agertu dira, hala nola, Eunate Arraiza, Eli Ibarra, Mikel San José, Aymeric Laporte jokalariekin eta Joseba Etxeberria.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Athletic futbol-klubak elkarregaz jardungo dute, herritarren eta klubeko zaleen artean birziklatzea bultzatzeko. Izan ere, Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Josu Urrutia Athleticeko  presidenteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, klubeko zaletuen eta Bizkaiko herritarren artean kontzientzia sortzeko, birziklatzearen eta hondakinen tratamendu eta kudeaketa egokiaren garrantziaren gainean, bai etxean bai San Mamesen eta Lezaman. Elkarlan horren helburu nagusia gure lurraldeko birziklatze-tasak gehitzea da, zaletuen eta oro har bizkaitarren eguneroko bizitzan ingurumenaren aldetik ohitura arduratsuak aplikatuz, klub zuri-gorriaren presentziak horrelako ekimenetan sortzen duen efektu biderkatzailea baliatuta.

Akordio horren barruan, edukiontzi eta paperontzi berriak ipiniko dituzte Athleticen zelai bietako instalazioetan, zehazki, San Mamesen 170 paperontzi jarriko dira, eta Lezaman ontzien, paperen eta bestelako hondakinen edukiontziak ipiniko dira.

Gainera, San Mames ingurumenaren aldetik espazio jasangarria izan dadin, eskainitako ekipamenduaren eta bitartekoen balioa nabarmenduko da (txorrotak tenporizadoreagaz, LED argiak instalazioetako zirkulazio-pasilloetan, eta abar), eta ingurumenaren gainean kontzientzia sortzeko erreportaje eta iragarki bana emango dira. Datorren zapatuan, Athletic-Bartzelona partida jokatuko denean, atsedenaldian gaikako bilketa sustatzeko ekimen bat egingo da.

"San Mames Europako futbol-zelairik seguruena da, eta, orain aste batzuk, munduko kirol-eraikinik onenaren saria jaso zuen. Athletic eta San Mamesez harro dago Bizkaia. Eta, zergatik ez, harro egon gaitezen garbiena, iraunkorrena eta ingurumena eta Bizkaia gehien errespetatzen dituena delako ere. Horretarako ipini dugu abian San Mamesen gaikako bilketa. Ekimen hori Bizkaiko pertsona denentzako adibide izatea ere gura dugu. Birziklatzea ohitura bihurtzea nahi dugu lurraldeko etxe guztietan, hain zuzen, Athletic-ek jokatzen duenean San Mamesera etortzea den legez", esan du ahaldun nagusiak hitzarmena sinatzean.

Athleticeko presidenteak azpimarratu du "kontzientziazio-kanpaina berri honetan Foru Aldundiagaz batera joateak duen garrantzia. Kasu honetan gure zaleak, Bizkaiko jendea edo bisitari ditugunak konturatuko dira birziklatzea eta inguruarekiko portaera izugarri garrantzitsuak direla. Guri dagokigunez, San Mames eta Lezamako instalazioak zaindu behar ditugula aipatzen dugu, baina azken finean erreferentziak gure eguneroko ohiturak dira".

Herritarren kontzientziazioa laguntzeko, erreportaje eta iragarki bana egin dituzte, Damaris Egurrola, Eunate Arraiza, Mikel San José eta Aymeric Laporte jokalariekin, eta Joseba Etxeberria, Eli Ibarra, José Ángel Iribar eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuagaz.

Bideoa Bartzelonaren kontra jokatuko den norgehiagokan proiektatuko da, zapatuan, hilaren 28an. Partida horretako atsedenaldian ekimen bat egingo da, jendea gaikako bilketaren eta birziklatzearen garrantziaz jabetzeko. Gainera, etxetik kanpo ere, adibidez kirol-lehiaketetan, ohitura horiek zabaltzeko helburua dute Aldundiak eta Athleticek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun