Indaba-lehiak berotuko du zapatua

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 2a, 12:00

Urtero, dozenaka gastronomia-zale batzen da Sopelako Putxera Egunean. © SOPELAKO UDALA

Indaba-usaina barreiatuko da Sopelako kaleetan azaroko lehenengo aste-akabuan. "Pepetxin"-i gorazarre egiteko asmoz, Marmiton Kolektiboak zortzigarrenez antolatuko du Putxera Eguna azaroaren 4an, zapatuan. Goizeko 09:00etatik 11:00etara bitartean egongo da Putxera Egunean izena emateko aukera; doakoa izango da.

Lapikoan edo putxeran prestatu beharko dituzte parte-hartzaileek indabak, lehiaketa egiten den lekuan bertan, hau da, udaletxearen aurreko plazan. Gainera, indaba gorriak erabili beharko dituzte, edo garbantzu zein txitxirio-itxurako indaba pintoa. Horiei laguntzeko lau osagai beharrezkoak izango dira, gutxienez: txorizoa, odolostea edo buzkantza, urdaia eta saiheskia; gehiago ere erabil daitezke.

Den-denak prest egon beharko du 13:00etan, beranduenez; izan ere, 12:00etatik 13:00etara bitartean aurkeztu ahal izango dira putxerak, sukaldari eta gastronomo ezagunek epaitu ditzaten; aurkezpena, zaporea eta puntua ebaluatuko dituzte.

Eguraldi txarra eginez gero, antolatzaileek estalperen bat eskainiko dute lasai bazkaldu ahal izateko. Ostera, mahaiak, aulkiak, platerak eta abarrak parte-hartzaileek eroan beharko dituzte. Sariei dagokienez, garaikurra, ikatza eta diru-saria irabaziko dituzte lehenengo hamarrek, eta sopeloztarrentzako sari bereziak egongo dira.

"Pepetxin"-en omenezko Putxera Eguna gastronomia-ekitaldirik jendetsuenetakoa da Sopelan. Iaz, 155 putxera aurkeztu zituzten, sukaldariek euripean kozinatu behar izan zuten arren. Urte horretan, putxerarik onena izan zen Joseba Ramos santurtziarrarena. Sopeloztar onenaren saria, ostera, Andrés Larrondok irabazi zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun