Datozen urteetan Zipiriñe eskola publikoan ikasleentzako leku nahikorik ez egotea aurreikusi dute; hala ere, eskolak emateko barrakoi bat ipintzeak ezinegona sortu du ikasleen gurasoen artean. Ostera, Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak azaldu duenez, "Hezkuntza arduradunarekin izan nuen bileran esan zidan Guraso Elkartearekin batzar bat izan zuela, eta, behin-behinean, barrakoiak ipintzearekin ados egon zirela, baina Zipiriñerako behin betiko konponbidea bilatu behar dela. Baita hormigoizko zolata egitea guri dagokigula ere". Hala ere, Gobernu-taldeak arazo horri konponbide iraunkorra emateko eskatuko duela iragarri zuen alkateak. Horrez gainera, Zipiriñe eskolari ematen zaion diru-laguntza 34.000 euroan handitzea proposatu du, 64.000 euroko laguntza emateko denera. Neurri horregaz, eskola publikoa hobetzeko neurriak hartu gura dituzte.
Gabeziak agerian
Udalerriko ikastetxe publikoek dauzkaten gabeziak agerian lotu ziren ikasturtearen hasieran, berriro ere. 2009an handitze-lanak egin zituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako Zipiriñe ikastetxean; hala ere, oso urte gutxi pasa ostean, lan horiek guztiak ez dira nahikoak izan. 2017-2018ko ikasturtea hasteko, modulu aurrefabrikatu batzuk ipintzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Sopelako Udalak 8.675,55 euro ipini ditu modulu horiek kokatuko diren hormigoizko oinarria egiteko, EH Bilduk jakinarazi duenez. Ezkerreko koalizioaren ustez, "aurrefabrikatuak, epe laburrean, adabakiak baino ez dira". Euren ustez, "Sopelak Haur eta Lehen Hezkuntzako bigarren ikastetxe berri bat behar du". EH Bildukoek aitortu dutenez, "ez da erraza: Sopelak gaur egun ez du lur-esparru egokirik". Hala ere, arazoari "lehentasuna" eman eta, "lurren birkalifikazioa eginez", orubeak bereganatzeko eskatu diote Udalari.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Iberre institutuan ere aspaldian geratu ziren leku barik, hezkuntza publikoa aukeratzen duten Sopelako ikasle guztiak hartu ezinda. EH Bildu agintean zela, lurrak Udalaren esku uztea adostu zuten Udalak berak, Eusko Jaurlaritzak eta orubeen jabeek; "gaur egun, konponbidea oztopatzen ari dira lur-jabeen eta udal-agintarien jarrerak", ezkertiarrek salatu dutenez. Euskal Herriko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legeari jarraituz, "zuzkidura publikoetarako lursailak zuzenean okupatzea" aurreikusten du EH Bilduk.