Sopelako udal-frontoian jokatuko dira Emakume Master Cup esku-pilotako lehiaketaren finalak, bihar, eguaztenean. Goizeko 12:00etan hasiko da lehenengo mailako finala, ostean elite-kategoriakoa jokatzeko; lehia biak lau t’erdian eta banaka egingo dituzte.
Lehenengo mailan, Urolako derbia jokatuko dute Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Maite Iriarte azpeitiarrak. Elite mailan, ostera, Leire Etxaniz etxebarritarra izango da bizkaitar denen ordezkaria, Maider Mendizabal anoetarragaz izango duen aurrez aurrekoan. Partida biak zuzenean ikusi ahal izango dira udal-frontoian bertan edo ETBko lehenengo katearen bidez.
Elite mailako pilotari biek badakite zer den elkarren aurka finala jokatzea, izan ere, martxoan norgehiagoka jardun zuten binakako txapelketaren finalean, Zornotzan. Orduan, Olatz Arrizabalagagaz batera, Etxaniz nagusitu zitzaion Mendizabalek eta Nagore Arozenak osatutako bikoteari.
Urritik hona egindako ibilbideagaz pozik eta Sopelako finalera begira baikor agertu da pilotari etxebarritarra: "ea orain arteko maila ematen dudan final handian eta txapela ekartzen dudan etxera", azaldu du Etxanizek. Denera, Euskal Herri osoko eta Euskal Herritik kanpoko 70 pilotarik parte hartu dute Emakume Master Cup txapelketako bi mailatan. Patxi Ziskar Kurene elkarteko delegatua pozik dago txapelketagaz: "pilotaren eta emakumeen alde egiten den dena oso mesedegarria da, eta ahalik eta partida gehien antolatzea, guretzat hobeto". Gainera, uste du bertoko harrobiarentzat positiboa dela Sopela finalerako aukeratu izana: "erakusgarria izango da Euskal Herri mailan dauden pilotari onenak Sopelan egotea".