Lehendabiziko ipuinak ematen dio izenburua liburuari, maitasunaren hondakinez diharduen kontakizunak. Susa argitaletxearen arabera, "Arroztasun sentipena dute pertsonaiek: nolakoa izaten ari da gure bikote bizitza, zein desio ote ditu auzokide perfektu horrek, norenak dira esku hauek... Konplexuak eta arruntak dira aldi berean hemengo bizilagunak, jarrera ideologikoaren eta irrika eutsiezinaren arteko lehian dabiltzanak batzuetan, zalantzati edo kontraesanean, baina gorabeherei aurre egiten beti".
Bestalde, 2017a agurtzeko, eguen honetan, abenduaren 14an, Arantxa Urretabizkaia idazlea gonbidatuko dute Uribe Kostako Irakurzaleen Txokora. Berbaldia hasi aurretik, 19:00etan lagun talde bat elkartuko da donostiarraren "Bidean ikasia" liburuaren inguruan berba egiteko, eta 19:30ean Arantxa joango zaie aurkezpen txikia egiteko eta sortu zaizkien zalantzak argitzeko. Saioa Algortako kultur etxean izango da.
Azkenik, abenduaren 20an, eguaztenean, 19:30ean, Jokin de Pedro idazleak "Elurpean" eleberriari buruzko berbaldia egingo du, Plentziako kasinoan. Literohitura Irakurle Taldeak antolatu du ekitaldia; sarrera, doan.