Pertsona bat ikertzen dabiltza hegaztiak likaz eta beste tresna batzuekaz ehizatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 31a, 17:02

Udaltzainen patruila-autoa. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaltzaingoa 35 urteko gizonezko bat ikertzen dabil, flora eta fauna zein etxeko animalien aurkako delitu baten egilea delakoan.

Domekan, urtarrilaren 28an, 11:15ak aldera, Arriatera Etorbidean zegoen Barakaldoko bizilagun bat ustekabean harrapatu zuten udaltzainek, hegaztien legez kontrako ehizarako aparailuak zeroatzala. Polizia-iturriek adierazi dutenez, kaioletako baten barruan eraztunik eta dokumentaziorik gabeko kardamiru bat aurkitu zuten; eta poltsa batean, eraztunik gabeko beste txori bat, lumaje berdekoa, hilda.

Animalia biak ez daude espezie zinegetikoen katalogoan eta bere ehiza debekatua dago. Bestalde, lehen aipatutako artikuluen artean, alanbrezko hainbat zepo, sare zatiak, kola freskoz (lika) bustitako plastikoak, hegaztiak erakartzeko alpistea eta loreak, eta txorientzako kaiola bi zeroatzan uztezko gaizkileak.

Halaber, ikertuak ez dauka ehizarako, lehiaketarako edo larreratzeko baimenik. Udaltzainek materiala eta hegaztiak hartu zituzten. Bizirik zegoen animalia Bizkaiko Foru Aldundiko Base Gorriko langileei eman zitzaien, Fauna Basatia Birgaitzeko Gorlizko Zentrora eroateko eta poliziaren atestatu bat bideratu da, zeina Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Natural Sailean entregatu den, Ingurugiroko Fiskaltzari emateko, flora, fauna eta etxeko animalien aurkako ustezko delitu bat egiteagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun