Aurten, ekimena nobedadez beterik dator. Batetik, hitzordua hirukoitza izango da: otsailaren 1ean, 2an eta 3an egingo dute film laburren proiekzioa, Kurtzio kultur etxean. Hitzordua 19:00etatik 21:00etara arte ipini dute; sarrera, doan.
Bestetik, bigarren edizio hau kalitate handiagokoa izango da; izan ere, antolatzaileen berbetan, "ez dago modu hoberik ekimena gailentzeko eta Sopela nazioarte mailako mapan kokatzen laguntzeko, proiektatuko diren dokumentalen egileak gure udalerrira hurbilduz baino". Horrela, euren lanak aurkeztu ahal izango dituzte eta Kurtzio kultur etxean elkartuko den publikoagaz esperientziak elkarbanatu. Gonbidatu nabarmenen artean honakoak agertzen dira: Inka Reichert, German Pinelo, Mireia Martinez, Annika Von Schütz, Garazi Sanchez, Carlos Arrola, Cesare Maglioni, David Bustamante, Ator Francesena "Gallo" eta Carlos Ferrandiz.
Eguen honetan, otsailaren 1ean, Elizabeth Pepinen eta Paul Ferrarisen "La Maestra", Nathan Currenen eta Pierre Denovelen "Biarritz Surf Gang" eta Jon Aspururen "A dream come true" proiektatuko dira. Biharamunean, otsailaren 2an, German Pineloren "Big Session San Borondon", "The Carpenter" eta "Freedom Filipinhes", Philip Gnadt-en eta Mickey Yamineren "Gaza Surf Club", Diego Borgesen "The Blinking Island" eta Borja Amondarainen "Sorginetxe Big Wave Erronka 2018". Eta azkenik, otsailaren 3an, zapatuan, emakumezkoen surfa izango da gai bakarra. Inka Reicherten "White Waves", Annika Von Schützen "Set up to sell - Surfen als Lifestyleprodukt", Mireia Martinezen "Lanzarote", "Traveler 1" eta "Maldivas", Victor Cresporen "Bali Utopía" eta Ixa Llambiasen "Testigo" eta "An oddisey in the Southern Seas" proiektatuko dira. Iaz bezalaxe, ekimenaren aurkezpena eta gidaritza besteak beste, Zaloa Lecandaren, Olaia Elorriagaren, David Gasparren eta Alberto Urrutiaren esku egongo da.