Adinekoen artean istripuak saihesteko ikastaroa Sopelan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 12a, 17:58

© ERANDIOKO UDALA

Ekimenean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, Osakidetzako osasun-zentroan, Kurtzio kultur etxean edo Gizarte Zerbitzuetako bulegoan

Adineko pertsonen artean istripuak ekiditen laguntzeko eta lesio larriak eragiten dituzten erorketak prebenitzeko helburuagaz, "Adinekoen jausiak saihesteko tailerra" martxan ipini du Sopelako Udalak, Osakidetzaren laguntzaz. 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ikastaroa, Kurtzio kultur etxean egingo dute, eta modulu bitan banatuta egongo da: lehenengoa, teorikoa, otsailaren 23an (11:00- 13:00) egingo dute, areto nagusian; eta bigarrena, praktikoa, martxoaren 2an (10:30-12:30), beheko solairuko geletan.

Modulu teorikoko parte-hartzaileek honakoen gainean lan egingo dute: jausiak zelan saihestu; zahartze-prozesua; osasun-berrikusteak; oinetako egokiak eroatea; eta bastoia, makuluak eta taka-taka ondo erabiltzen jakitea; osasunerako eta jausiak saihesteko jarduera fisikoaren onurak; eta Gizarte Zerbitzuko udal-baliabideak. Modulu praktikoan, aldiz, ohikoak diren egoerei zelan aurre egin erakutsiko zaie: berbarako, eskailerak zelan jaitsi eta igo, aulki batean zelan eseri eta altxatu, zelan oheratu eta zelan jaiki ohetik, eta eroriz gero zelan jokatu.

Tailerrak Eusko Jaurlaritzaren Osasuna Sustatzeko teknikariek, Sopelako osasun-zentroetako lagileek eta Udaleko osasun, kirol eta gizarte-zerbitzuetako teknikariek gidatuko dituzte. Ekimenean parte hartzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, Osakidetzako osasun-zentroan, Kurtzio kultur etxean edo Gizarte Zerbitzuetako bulegoan.

Erorketak

Erorikoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 64 urtetik gorako pertsonen erdiek urtean izaten dituzten istripuen %92, gehienbat emakumeek. Erorketen ondorioz, urtean 13.500 pertsona artatu behar izaten dituzte larrialdi-zerbitzuetan, osasun-etxeetan zein ospitaletan, eta urtean 4.500 pertsona ospitaleratu behar izaten dituzte, udal-iturriek adierazi dutenez. Eroriko gehienak etxean gertatzen dira, edo etxearen inguruan, eta etxeko jarduerakaz edo eguneroko bizitzako jarduerakaz lotuta egon ohi dira; hala nola, norberaren garbiketagaz, otorduak prestatzeagaz, etxearen garbiketagaz edo etxe barruko edo etxetik kanpoko joan-etorriakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun