Sopelako Duatloia 13. aldiz egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 13a, 11:16
Iazko edizioan, ArabaTri taldeak gizonen banakako eta taldekako lehiak irabazi zituen. © ENKARTERRIKO TRIATLOI TALDEA

Datorren zapatuan, otsailaren 17an, egingo dute Sopelako Duatloiaren hamahirugarren edizioa. Hirubi Triatloi Sopela elkarteak antolatu du proba, Euskadiko Triatloi Federazioagaz elkarlanean eta Sopelako Udalaren laguntzaz. Aurrekoetan ez bezala, aurtengo edizioa puntuagarria izango da esprint-distantziako Euskadiko Txapelketarako.

Irteera, helmuga eta trantsizio-gunea edo boxak Sopelako udaletxeko plazan izango dira, Antonio Aretxabaleta plazan. Duatloia 16:15ean hasiko da bertatik, emakumezkoen saioagaz; ordu laurden bat beranduago aterako dira gizonezkoak. Batzuek zein besteek, denera 260 atletek, korrikan 5,2 kilometro bete beharko dituzte; ondoren, 20 kilometrotan bizikletaz jardungo dute; eta, amaitzeko, helmugako marrara heldu aurretik, azken 2,5 kilometroko lasterketari oinez aurre egin beharko diote.

Lasterketak ordu biko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Kategoria orokorreko lehenengo hiru irabazleentzako garaikurra eta sariak egongo dira (100, 75 eta 50 euroko bonuak) eta garaikurra bestelako kategorien irabazleentzako. Era berean, parte-hartzaile guztien artean kirol materiala zozkatuko da. Sarien banaketa 18:30ean izango da udaletxeko plazan.

Zirkuituaren ezaugarriak

Oinezko saio bien ibilbide osoa herriko kaleetatik izango da. Lehenengo atalean, parte-hartzaileek itzuli bi eman behar izango dizkiote zirkuituari; bigarrenean, helmugara iritsi baino lehenago, beste itzuli bat eman beharko diote ibilbide berari. Bizikleta-saioan, eskualdeko zenbait herritatik pasatuko dira: Sopelatik irten, eta Barrika, Plentzia eta Urduliz atzean utzi ostean, Sopelara itzuliko dira. Probaren egunean eta bezperan, zirkulazioa eten egingo dute zenbait lekutan. Antolatzaileek azaldu dutenez, proba Euskadiko Triatloi Federazioaren arautegiagaz epaituko dute. Hala, bizikletaren gainean, onartuta egongo da drafting polemikoa egitea, alegia, aurreko txirrindulariaren estela baliatzea, beti ere sexu bereko txirrindularien artean.

Egitaraua

  • 12:30-15:30 Dortsalen banaketa.
  • 15:00-16:05 Trantsizio-guneen zabalpena.
  • 15:00-16:00 Materiala kontrolatu eta egiaztatzea.
  • 16:15 Emakumezkoen hasiera.
  • 16:30 Gizonezkoen hasiera.
  • 18:00-18:30 Probaren amaiera.
  • 18:30-18:45 Sari-banaketa.
  • 18:45-19:00 Itxiera.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun