EAJko Gontzal Hermosillaren ordez EH Bilduko Guillermo Vío gura dute alkate, Sopelan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 19a, 11:29

Guillermo Viok oposizioko beste alderdiren baten babesa beharko luke. EH BILDU

Denok Baterak zentsura-mozioa aurkeztu du hori eskatuz; otsailaren 22ko udal-batzarrean eztabaidatuko dute.

Denok Batera hautagaitzaren zinegotzi bakarra den Jon Andoni Gerediagak joan den eguenean aurkeztu zuen zentsura-mozioa, Sopelako udaletxean: gaur egungo alkatea den EAJko Gontzal Hermosilla kargugabetzea eta, bere ordez, EH Bilduko bozeramailea den Guillermo Vío proposatu du alkatetzarako hautagai. DBren ustez, "aldaketa" behar du Sopelak. Are gehiago, gaur egungo alkatearengan konfiantza galdu duela adierazi du Gerediagak, "2016an DBgaz eta 2017an EH Bildugaz izenpetutako aurrekontu-hitzarmenak bete ez dituelako". Denok Baterako ordezkariaren arabera, "korporazio osoak prentsaren bidez berri izaten du Udalak hartutako erabaki estrategikoez. Horrez gainera, herritarren parte-hartzeari muzin egiten dio alkateak; Sopelarako estrategikoak diren arazoei (trafikoa, irisgarritasuna ospitalera...) dagokienez, ez du bat bera ere konpondu". "Gardenasun-eza" begi bistakoa da Gerediagaren iritziz.

EH Bilduren iritzia

Lehenik eta behin, herria kudeatzeko eta alkatetza bereganatzeko eurengan ipinitako konfiantza eskertu dio EH Bilduk Denok Baterari; ezkertiarrak proposamena aztertzen dabiltza. Hala ere, Guillermo Vío buru duen alderdiak adierazi duenez, "helburua ez da aldaketa bat gauzatzea alkatetzan, gobernu programa berri oso bat adostea baizik, eta udal-gobernu berri batek oinarri sendoak izatea programa hori kudeatu ahal izateko". Sopelako EH Bilduren arabera, "urte luzea geratzen da datorren urteko udal-hauteskundeak egiteko (2019ko udagoiena) eta EAJk egindako aurrekontu bategaz oso zaila (ia ezina) litzateke kudeaketa berritzailea egitea".

EH Bilduk bat egiten du Denok Baterak egoten duen Sopelako egoeraren azterketagaz eta, ondorioz, DBgaz, Sopela Orain taldeagaz eta adskripziorik gabeko zinegotziagaz lan egiteko eta ahalik eta egitasmo gehienak adosteko prest dagoela adierazi du, aldaketa gauzatzeko.

Hurrengo osoko bilkura eguen honetan izango da, otsailaren 22an, 19:30ean. Gaur egun EAJk 7 ordezkari dauzka, EH Bilduk 6, PSE-EEk eta Orain Sopelak bana, eta adskripziorik gabeko zinegotzi bat dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun