Musikan andreen lekua aldarrikatzen, Sopelan

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko ots. 24a, 10:00

Hainbat musika-aldizkaritan lan egiten du Unai Endemaño kazetari eta argazkilariak. HODEI TORRES

Unai Endemañoren "Rock & roses" argazki-erakusketa otsailaren 28ra arte ikusbide izango da, Sopelako Kurtzio kultur etxean; sarrera, doan.

Unai Endemaño kazetari eta argazkilari barakaldarrak urteak daroatza rocka eta heavy metala jorratzen duten hainbat aldizkaritan beharrean; zenbatezinak dira musika-taldeen kronikak egiteko ikusi behar izandako kontzertuak eta horietara joateko egindako kilometroak. Gaitz erdi! Rockzale amorratua da Algortan hazi eta hezitako laguna; Sopelan ez zaio seniderik falta. Ez dago inolako zalantzarik bere zaletasun biak uztartzen asmatu egin duela barakaldarrak eta, hori gutxi izango balitz, ogibide bihurtu duela. Gainera, musika-taldeei egindako irudiakaz argazki-erakusketak egiten hasi zen. Oraingo honetan, rockaren munduan dabiltzan emakumeengan ipini gura izan du begirada metal-zale amorratu honek. Hala,

Endemañoren arabera, "asko aldatu dira garaiak, eta gero eta errazago daukate rockaren munduan dabiltzan emakumezkoek". Hala ere, aitortu duenez, horrelako musika-estiloez berba egitean "oso arraroa da" doinu horiek gustuko ez dituzten lagunei emakumeren baten izena burura etortzea, galdetzen diezunean. "Pop-musikagaz alderantziz gertatzen da; jendeari bururatzen zaizkion izar handiak beti izaten dira andreak. Rockean, ordea, bigarren mailan egongo balira bezala ikusten dituzte emakumezkoak", adierazi du argazkilari barakaldarrak. Beraren ustez, gauzak ez dira horrela: "Rocka eta heavya jorratzen duten taldeetan gero eta andre gehiagok jotzen dute; gainera, musikari eta abeslari paregabeak dira gehienak", esan duenez.

Gizarte matxista

"Berez, mundu oso matxistak dira rockarena eta heavy metalarena. Baina ez dira salbuespenak. Musika-talde horietan jotzen duten emakumeek zailago daukate gizartea bera matxista delako", Endemañok dioenez. "Rock & roses" erakusketak "jendeari begiak zabaltzeko" helburua dauka. Egileak adierazi duenez, "daborduko rockarena eta heavy metalarena ez dira horren mundu arrotzak gure gizartean". Larruzko jaka beltza daroaten ile luzedun morroiak ez daude txarto ikusita, gaur egun: "Metal-zaleak egotea normaltzat jotzen duten heinean, horietako asko emakumeak izatea ez lukete arraro ikusi beharko", dio Endemañok.

Aldarrikapena

"Rock & roses" argazki-erakusketa 30 irudik osatzen dute. Hala ere, denak ez dira iritsi Sopelako Kurtzio kultur etxera. Horrelako erakusketa bat antolatzeak daukan zailtasunaz berba egin du egileak: "Ez da erraza izaten irudiak aukeratzea, gai bati buruzko erakusketa prestatu gura duzunean; azken finean, ez zabiltza argazkirik gogokoenak aukeratzen. Ehunka irudi eta milaka kilometro egin behar izan ditut horman ipini ditudanak hautatzeko". Daukan aldarrikapen kutsuak ere ezberdin egiten du Endemañoren oraingo erakusketak: "Ez dut egiten nabarmentzeko, jendeari mezu bat helarazteko baizik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun