Bestalde, otsaileko udal-batzarrean gai honen inguruko mozio bi eztabaidatu zirela gogoratu du Sopela.net agerkari digitalak: batetik EUDELek proposatutako testua; eta bestetik, EH Bilduk eta talderik ez daukan Manuela Ruiz Vivanco zinegotziak adostutakoa. EUDELek prestatutakoan, aipamena egiten zitzaion gaurko egunerako deituriko grebari, baina ez zen argi eta garbi deialdia egiten greba horregaz bat egiteko: "herritarrei dei egiten die martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu eta deituko diren ekitaldi eta ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten", adierazten zuen idatziak. EH Bilduk eta talde gabeko zinegotziak adostutako testuan, aldiz, dei zuzena eta zalantzarik gabekoa egiten zen: "Sopelako Udalak bat egiten du greba-deialdiarekin… eta Sopelako udalak dei egiten die herriko emakumeei grebarekin bat egin dezaten". Bozketa orduan, EUDELen proposamena nagusitu zen, EAJ, PSE-EE eta Denok Batera taldeko zinegotziaren babesagaz.