Hasteko, argi utzi nahi dugu gure helburua ez dela inor baztertzea, baizik eta emakumeon integrazioa, ikusarazpena eta askapena lortzeko, feminismoa deituriko mugimendu hau sutatzea. Jakin badakigu, emakumeok eguneroko zapalkuntza sistematikoa sufritzen dugula eta horren aurka egin behar dugula. Horretarako, ezinbestekoa da emakumeon arteko laguntza eta elkartasuna bultzatzea eta hau ikusaraztea. Horregatik, Sopelako emakumeak agertuko ginen argazki bat egitea eskatu genuen. Emakumeok, aurretik esan bezala, zapalkuntza egoeran gaude; egunero eraso sexistei egin behar diegu aurre: Estatu mailan, bataz beste, 8 orduan behin bortxaketa bat salatzen dute (imajina ezazue salatzen ez direnak barne hartuko balirateke), soldata-arrakala sufritzen dugu, lanbideetako postu gorenetan ia ez gara existitzen, ospea lortzeko gizonek baino esfortzu handiagoak egin behar ditugu, emakume izate hutsagatik hiltzen gaituzte... Pena bat da zerrenda hau hain luzea izatea zeinean hiru puntuekin amaitu behar dugun, non egunero beste aisten erailketengatik, bortxaketengatik eta sufritzen dituzten hainbeste erasoengatik defini ezina den tristura sentitu behar dugun.
Espazio ez mistoak ezinbestekoak dira, horrela genero-zapalkuntza bera sentitzen dutenekin esperientziak partekatu ahal ditugulako; oso garrantzitsua den elkarkidetasuna jorratu, hor seguru sentitzen garelako; erasotuak izatearen beldurra soinetik kentzen dugulako; eta behingoz, gure ahotsari garrantzia ematen zaiolako, gizarte baztertzaile honetan gure espazio propioa sortu dugulako eta horretarako eskubidea dugulako. Agian sinistuko ez duzuen arren, espazio honen beharra ez izatearekin amesten dugu, espazio ez mistoak behar ez diren gizarte batean bizi nahi dugu non babestuak, libreak eta parekoak senti gaitezken edozein lekutan eta ez bakarrik guk sortutako espazio edo ekintza horretan.
Zuek, bestalde, zeregin asko dituzue guri borroka feministan laguntzeko. Hau da, ez zaudete horretatik at; lagunak izan zaitezkete baina beti ere aurretik esandako guztia ulertu ondoren, emakumeon ahotsa zapaldu barik eta beste zeregin batzuk betez. Zuek, zuen pribilegioak birpasatu ditzakezue, denok bezala jokabide matxistak erreproduzitzeari utz dezakezue, zuen gizonezko lagunei zeregin berdinean lagun dezakezue eta oso garrantzitsuak diren mistoak diren ekintzetara joan zaitezkete beti ere emakumeak errespetatzeko asmoz eta euren ahotsa entzuteko asmoz. Bada, kexa asko entzuten ditugu ekintza ez mistoen inguruan baina gero ez ditugu ia gizonik ikusten hauetan eta normalean, horra joaten direnak ez dira kexatzen ekintza ez mistoez. Hortaz, gure mugimenduaren laguntzaile izatera gonbidatzen zaituztegu benetan horretan interesa baduzue eta ez bakarrik honen aurkako kexa hutsera. Izan ere, horrela bada, argi dago ez duzuela emakumeon askapena lortzeko gogorik eta zuen benetako beldurra gure zapalkuntza erreproduzitzen duten pribilegioak galtzea dela.
Laburbilduz, espazio ez mistoak ez dira zuentzako mehatxu bat eta ez dute helburu baztertzailea, guztiz kontrakoa. Modu berean, gure borrokan lagun dezazuen gonbidatzen zaituztegu beti ere jakinda desberdintasun egoera batean gaudela eta bakoitzaren papera eta protagonismoa ez dela bera. Gogora ezazue, gure helburua ez dela zuek baztertzea; gure helburua da parekidetasunean bizitzea eta, modu horretan, espazio ez mistoen beharra ez izatea.
Laster arte eta gora borroka feminista!
Aistak Sopelako talde feminista