Enpleguaren sustapenerako zerbitzu berria abiarazi du Sopelako Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 23a, 17:42

Sopelako udaletxea.

Udalerriko langabetuei edota enplegua hobetu gura duten langileei, pertsona ekintzaileei eta enpresei zein negozioei zuzendutako zerbitzu bat da. Udal sopeloztarrak 36.300 euro inbertitu ditu, guztira.

Enplegu eta Ekonomiaren Sustapenerako sailaren bitartez, nagusiki, udalerriko enpleguaren garapena, kultura-ekintzailetza eta ekonomiaren sustapena bilatzen dituen zerbitzu bat abiarazi du Sopelako Udalak; bertoko langabetuei edota enplegua hobetu gura duten langileei, pertsona ekintzaileei eta enpresei zein negozioei laguntza, informazioa, aholkularitza eta bitartekotza eman nahi diete. 

Guztira, udal sopeloztarrak 36.300 euro (BEZ barne) inbertitu ditu hiru ildo nagusiren inguruan garatuko den zerbitzua abian jartzeko:

  • Aurrez aurreko arreta, informazio, orientazio eta laguntza zuzena. Lehenengo ildo honetan enpleguaren, ekintzailetzaren eta Sopelako enpresen eta negozioen sustapenaren inguruan arreta pertsonalizatua eskainiko da.
  • Miaketa eta diagnostikoa, pertsonen zein enpresen beharrizan eta eskaeren detektatze eta ebaluazioan, baliabideen ekintzen eta programen plangintzan, finantziazio iturri publiko-pribatuen erakartze eta kudeaketan eta erakunde publiko-pribatuekin erakunde harremanetan ardaztuta. 
  • Enpresa-azterketa eta lan-bitartekotza. Hirugarren ildoa enpresa-azterketara eta lan-bitartekotzara zuzenduta egongo da eta udalerriko zein eskualdeko edo lurralde historikoko enpresakaz harremanak eta loturak sortzera bideratuta dago. Horrela, formakuntzako eta enpleguko gaietan enpresa hauei sortzen joango zaizkien beharrizanak lantzea eta betetzea bilatzen da.

Jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sustapenean udal-administrazioaren funtsezko protagonismoa bultzatzeko xedeagaz, inguruko erakunde publiko eta eragile sozioekonomikoakaz elkarlanean, laguntza-zerbitzu "oso osoa da, tokiko ekonomia eta enplegua indartzen dituena", Enplegu eta Ekonomiaren Sustapenerako zinegotzia den Teresa Fernandezek adierazi duenez.

"Tokiko aberastasuna eta garapena sortzeko, udalerrian ekintzailetza prozesuak sortu zein bultzatu eta pertsona ekintzaileak erakarri" gura duen proiektua dela ere gaineratu du. Horrela, Udala "Sopelako pertsona langabetuen beharrizanak betetzeko, bere lana bilatzeko aukerak handitzeko eta bere enplegagarritasuna hobetzeko xedez, ekonomiaren eta formakuntzaren sustapenerako kanpainak bultzatzen” jarraitzen duela gehitu du PSE-EEkoak.    

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun