Udal iturrien arabera, gaur egun 65 urte baino gehiago duten 8.500 pertsona daude Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan eta, horietatik, 2.025 Sopelan bizi dira. Hala, Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak adierazi duenez, "eguneko zentroa Sopelan egotea komenigarri dela deritzogu, Uribeko Kostako populazioaren %40 hemen bizi baita".
Asko dira eguneko zentroa bezalako zerbitzu bat behar duten familiak, adinekoek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko gai den ekipamendua, alegia. Hori dela eta, Sopelako Udalak 250.000 euro bideratuko ditu adinekoen erabilerari zuzendutako lokal bat erosteko. Bestalde, gainontzeko, 180.000 euroak, emergentzia kasuetarako etxebizitza sozial bat eskuratzeko izango dira. Zentzu horretan, Gontzal Hermosillak gehitu du, "eskualdean hiru eraikin egotea aurreikusten da, baina egun, bi besterik ez daude".
Hortaz, EAJ, PSE-EE eta Orain Sopelak lortutako aurrekontu-akordioan bilduta dagoen bi lokal horien erosketagaz, Mankomunitatean eskaintzen diren zerbitzu sozialen multzoa handitu egingo da.