Maiatzaren 18an, 20 urte beteko dira Urko Labeaga sopeloztarra atxilotu zutenetik. Hala, ekintza ezberdinak egingo dituzte, bizi duen egoera salatzeko. Batetik, gaur arrastian, Labeagaren egoera penala zein den argituko dute. Era berean, EPPKren eztabaida prozesuaren nondik norakoak kontatuko dituzte. Iñako Goioaga eta Iñaki Zugadi abokatuek berba egingo dute, 18:30etik aurrera.
Bestalde, bihar, zapatuan, apirilaren 21ean, "Bada garaia. Presoak kalera" goiburuko manifestazioak zeharkatuko ditu Bilboko kaleak, Kalera! ekimenak deituta. 17:30ean abiatuko d¡ra, Casillatik.
Azkenik, maiatzaren 18an, barikuan, eskualde-mailako manifestazioa egingo dute Sopelan, Patxi Markes berangoztarra, Iñaki Bilbao urduliztarra eta Urko Labeaga sopeloztarra "20 urtez bahituta" dauzkatela salatzeko; 20:00etan ipini dute hitzordua, udaletxeko plazan.
Urko Labeaga
Urko Labeaga Garcia 1998ko maiatzaren 18an atxilotu zuen Ertzaintzak, ustez Algortako Telefonicako eraikin batean ipini gura zuen lehergailuak eskuetan eztanda egin zionean. ETAren Bizkaia komandoko kide izatea leporatuta, 42 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2002an. Gaur egun, Villabonako (Asturias) espetxean daukate preso, etxetik 295 kilometro ingurura.
Bere ama zen Pili García Sánchez otsailaren 21ean hil zen, 77 urte zituela. Etxeratek salatu zuen emakumea zendu zela bere seme presoaren "azken musua jaso barik"; ez zioten ama agurtzen utzi Labeagari.
Patxi Markes eta Iñaki Bilbao
Bestalde, Patxi Markes Zelaia Berangoko auzokidea 1998ko ekainaren 5ean atxilotu zuten Gernikan, Ertzaintzak egindako polizia-operazio batean. Berangoztarra zegoen etxe berean zen Ina Zeberio ETAko burkide Lizartzarra hilik suertatu zen. Etxebizitza horretan, Urdulizko herritarra den Iñaki Bilbao Gaubeka atxilotu zuten. Ondoren, beste 14 pertsona ere atxilotu zituzten. Gaur egun, Patxi Markes Castello II (Albocasser) espetxean daukate, Euskal Herritik 550 kilometrora; Iñaki Bilbao, berriz, Zuerako (Zaragoza) kartzelan preso daukate, Euskal Herritik 300 kilometrora.