Euskaraldia

Euskaraldia Sopelan antolatzeko bilera eguaztenean

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 24a, 09:44

Apirilaren 15ean 150 pertsona inguru bildu ziren Sopelan euskararen aldeko konpromisoa sendotzeko asmoz. © EUSKARALDIA

Euskaraldia antolatzeko ekarpenak jasoko dituen bilera egingo dute eguaztenean, 19:00etan, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean. Modu horretan, antolatzaileek jarraipena eman gura diote urte hasieran herriko eskoletan abiatutako euskararen aldeko konpromiso kanpainari.

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa proposatzen du Euskaraldiak Euskal Herrian, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Helburua da euskaraz berba egiten edo ulertzen dutenek elkarregaz egin dezatela.

Euskararen aldeko konpromisoa

Sopelako guraso elkarteek antolatu zuten «Gurasoen euskararen erronka» egitasmoa, apirilaren 15ean. Horretan, 150 pertsona inguru abiatu ziren Sopelako udaletxeko plazatik Arrietara hondartzaraino, bidean «euskararen aldeko konpromisoa» sendotuz. Euskararen aldeko ekimen batean Zipiriñe eskolako eta Ander Deuna ikastolako kideak elkartzen ziren lehen aldia izan zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun