Zapatu honetan, apirilaren 28an, Andrés Limak zuzendutako "El amor no dura para siempre (Romeos y Julietas)" ikuskizuna taularatuko dute, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Hitzordua 20:00etan ipini dute; sarrerak 5 euroan egongo dira. Hala, Fritsch Company Maite Leon Psico Ballet fundazioaren konpainiako dantzariak igoko dira eszenariora; konpainiak aniztasun fisikoa, psikikoa, intelektuala, garapenekoa edo sentsoriala duten pertsonen laneratzea du helburu, eta arte eszenikoak erabiltzen ditu horretarako.
2014an, Lankidetza Koreografikoak proiektua ipini zuen abian Fritsch Company-k, inklusioaren alorreko profesionalen eta arte eszenikoen esparruaren artean zubia eraikitzeko.
Proiektu horren lehen ikuskizuna "Mesa para Tr3s" izan zen. Hiru koreografia biltzen zituen: Antonio Ruzen "Ballhaus", Patricia Ruizen "Café" eta Amaya Galeoten "Des/Envolturas". 2017an, Andres Limak Lankidetza Koreografikoen bigarren proiektua zuzendu zuen: "El amor no dura para siempre (Romeos y Julietas)", Zentro Dramatiko Nazionalaren Una Mirada Diferente (Bestelako begirada bat) festibalaren bosgarren edizioan estreinatu zena.
Antzezleak dira Ana María Alonso, Julen Serrano, Ana Fernández, Yael López, Germán Morales, Esther Gómez, Kube Escudero eta Ramón Marcos.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.