Aitor Fdez. de Martikorena: "Urteroko hitzordu bihurtu da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko api. 27a, 18:27
Bazkaria, finalaurrekoa eta finala Ander Deuna ikastolan egiten dituzte.

Sopelako AEK-k antolatuta, Esaera Zaharren Txapelketaren 25. edizioa jokatuko dute zapatu honetan, apirilaren 28an. Hamar taldek eman dute izena.

Zelan sortu zen txapelketa?

Josu Landetari eta Gabi Basañezi bururatu zitzaien; bertsolariak dira biak eta, garai hartan, euskara-irakasleak ziren. Bata Sopelako AEK-ko euskaltegian zebilen, eta bestea Algortako Lauaxeta AEKn. Nik entzun dudanagatik, euren ikasle-taldeen arteko lehiaketa moduan planteatu zuten: biek prestatu zituzten bertsoak, esaera zaharren zerrenda egin zuten eta, lehiaketa amaitutakoan, afaria egin zuten ikasleekin batera. Oker ez banago, handik hiru urtera, horrelako zer edo zer egitea pentsatu zuten Sopelako euskaltegian; baina inguruko euskaltegietako zein ikastolako jendea gonbidatuta, eta beste formatu batean. Txapelketaren bigarren edizioaren ondorengoa da gurea.

Eskualdean egiten den euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuetako bat da?

Ez dakit hori nik neuk esan beharko nukeen. Korrika kenduta, jendetsuena da agian, baina beste ekitaldi batzuk ere badauzkagu, esate baterako Kanpomartxo. Nik uste dut askorentzat urteroko hitzordu bihurtu dela.

Zeintzuk dira lehiaketaren helburuak?

Alde batetik, euskara kalera ateratzea; izan ere, Sopela orain dela 50 urte herri oso euskalduna zen, eta hori galdu egin zen. Egun horretan, behintzat, euskara entzuten da tabernetan eta beste hainbat tokitan. Bestetik, esaera zaharrak eta bertsoak euskal kulturaren erakusgarriak dira, eta biak gogoratzekoak. Azkenik, helbururik garrantzitsuena ondo pasatzea da.

Zelangoa da txapelketaren funtzionamendua?

Laburbilduz, bertso bat entzun eta horren atzean zer esaera zahar dagoen asmatzea da gakoa. Goizean hainbat ibilbidetan banatzen ditugu taldeak. Bertsoak eginda daude jada; Algortako Bertsolari Eskolakoek egiten dituzte. Gauzak horrela, taberna bakoitzean, bertsoak entzun eta esaera zaharrak asmatu behar ditu talde bakoitzak. Zenbat eta gehiago asmatu, orduan eta puntu gehiago lortuko ditu horrek. Kale eginez gero, erreboterako aukera daukate besteek. Hala, goizean puntu gehien lortzen dituzten taldeak igaroko dira bazkalosteko finalaurrekora. Arratsaldeko saioan, esaera zaharrak emango dizkiegu Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariei, eta eurek bertsoa inprobisatu beharko dute, taldeek asma dezaten. Talderik onenak finalera igaroko dira eta puntu gehien lortzen duena, txapeldun!
Lanik handiena ehun esaera zaharrak buruz ikastea da, lehiaketan zerrendan agertzen diren bezala esan behar direlako. Zailtasunik handiena bertsoaren zentzua harrapatzea da.

Berezia izango da txapelketaren 25. edizioa?

Omenaldi txiki bat egitea pentsatu dugu; seguru asko, AEK-ko koordinatzaile nagusia etorriko da. Bestalde, orain gutxi zendutako Marian de la Fuente euskaltzale erandioztarra gogoratuko dugu. Espero dugu edizio polita eta hunkigarria izatea.

Egitaraua:

Apirilak 28, zapatua

  • 11:00 Taldeak udaletxeko plazan elkartuko dira; oroigarriak banatuko dira.
  • 12:00 Txapelketaren hasiera.
  • 15:00 Bazkaria, Ander Deuna ikastolan.
  • 17:00 Finalaurrekoak eta finala, Ander Deuna ikastolan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun