Sopelarinen lokala erosi gura du Uribe Kostako Mankomunitateak

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 4a, 18:52

Sopelako alkatea izateaz gainera, Uribe Kostako Mankomunitateko lehendakariordea da Gontzal Hermosilla. © SOPELAKO UDALA

Uribe Kostako Mankomunitateak Sopelarin herritarren arretarako bulegoko lokala erosteko aukera proposatuko dio Udalari; Sopela.net agerkari digitalak jakinarazi duenez, EAJren, PSE-EEren, PPren eta Gorlizko Independenteen botoakaz hartu zuten erabakia, atzoko (maiatzak 2) osoko bilkuran. EH Bilduk kontrako botoa eman zuen.

Sopelarin Larrabasterrako Urgitxieta plazan dago, Mankomunitateko lokalen ondoan; bertokoek ez daukate udaletxera gerturatu beharrik, udal-izapideak egiteko. Bulegoko lokala 220.800 euroan zenbatetsita dago. Mankomunitateko lehendakariordea den Gontzal Hermosilla Sopelako alkatearen arabera, diru-kopuru hori "Udaleko osoko bilkuran eztabaidatu barik, agindu ditzakedan salmentekin bat dator". Gainera, Sopelako Udalak daborduko egurrezko etxola ipini du Loiola Ander Deuna kalean dagoen turismo-bulegoaren ondoan, Sopelarin saltzen dutenean herritarrenganako arreta-zerbitzua bermatu ahal izateko.

Bitartean, Sopelako EH Bilduk euren buruak "elite politiko ahalguztiduntzat" hartzea egotzi die alkateari eta EAJ zein PSE-EE osatzen duten udal-gobernuko agintariei. Gainera, salatu dutenez, lokal hori erosteko aukera "ez zegoen" Mankomunitateko osoko bilkuraren gaien zerrendan; erakundeko lehendakaria den Anabel Landa alkateak "urgentziaz" planteatu zuen, ezkertiarrek kritikatu dutenez.

Alderantziz

Mankomunitateari saltzeko asmoz, Sopelako Gobernu Taldeak lokal horren tasazioa eskatu zuenean, aurka agertu zen Sopelako EH Bildu. Ezkertiarren arabera, Sopelako Udalak "alderantziz" egin beharko luke: "Mankomunitateko lokalak erosi beharko lituzke; kulturarako, hezkuntzarako eta auzokideek behar dituzte bestelako zerbitzuetarako gunea emango lioke Larrabasterrari". Sopela.net agerkariak gaineratu duenez, Sopelarin saltzeko aukera sortu aurretik, Urdulizko Mecanica de la Peña enpresako antzinako dorreko lokalak erosteko soberakina zeukan Mankomunitateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun