Lehenengo etapa, 135,1 kilometrokoa, Duyun-en izan zuen irteera eta helmuga, hainbat aldatsagaz. Horretan, María Martins portugaldarrak bigarren postua lortu zuen, Sheyla Gutiérrez Lointekeko txirrindulari ohi eta irabazlearen atzetik.
Tarteko helmugen sailkapenaren denbora-sariak "zama" izan ziren batzuentzat, talde sopeloztarrak nabarmendu duenez, talde faboritoak ihesaldiak berehala neutralizatzen ibili zirelako; hala, euren liderrek segundo horiek borrokatu ahal izan zuten.
Martins adierazi duenez, "kokapen onean sartu beharra zegoen, Sofía [Rodríguez] eta biok hor ibili gara, baina Sheyla [Gutiérrez] gogor egon da. Irabazlea balitz bezala sentitzen naiz ez nuelako pentsatzen postu hori lortzea, etapan gaizki ibili naizelako. Izan ere, laugarren biran atzean geratu naiz eta Bea Gómezen laguntzari esker bueltatu naiz berriro taldera. Lasterketa honetara esperientzia hartzeko etorri ginen, baina emaitza hauekaz bada, hobeto".
Espainiako Kopan ere nabarmenduak
Sara Martín, Enara López eta Mireia Muñoz Sopelako taldearen txirrindulariek parte hartu zuten joan den aste-akabuan, Balmasedan eta Villasana de Menan ospatutako Espainiako Koparen probetan.
Zapatuan, Bizkaiko proban, Sara Martínek zazpigarren postua lortu zuen eta Enara Lópezek, hamabigarrena. Bestetik, Burgosko proban, Sara Martínek ihesaldiari ekin zion, beste sei kideakaz batera. Azken horretan, Carel gainerako azkeneko igoeran erabaki zen dena; Martínek hirugarren postua eskuratu zuen.
Burgos herrialde gozoa bilakatu da talde sopeloztarrarentzat. Joan den astean, Bea Gómezek irabazi zuen Burgosko Vuelta. Gainera, taldekideek hiru etapak eta taldekako sailkapena irabazi zituzten.