Sopela
1796. urtean nafarreria gaixotasun hilgarria oztoporik gabe hedatuz zioan Europan zehar. Urte horretan Edward Jenner, Ingalaterrako herri-mediku batek, behaketa bitxi bat egin zuen: behiak jezten zituzten baserritarrak ez ziren nafarreriarekin kutsatzen. Behi-nafarreria mota arin baten sintomak jasaten zuten, baina arazorik gabe sendatzen ziren, eta giza-nafarreriaren barietate ikaragarria ez zuten harrapatzen, babestuta edo. Ia mende bat geroago, 1880. urtean, Louis Pasteur kimikari frantziarra kolera infekzioa ikertzen ari zen oiloetan, horretarako bakterio kultiboak garatu, oiloetan inokulatu eta gaixotasunaren garapena aztertzen zuen. Behin, bere laguntzaileari ahaztu zitzaion kultibo bat injektatzea oiloetan eta konturatu zenerako bakterioak ahulduta zeuden. Dena dela oiloak inokulatu zituen. Hauek gaixotasunaren sintomak eduki zituzten baina modu oso arin batean, eta inmunizatuta geratu ziren. Pasteurrek, Jenner-en istorioa gogoratuz, txertaketaren printzipioa ulertu zuen. Jenner-en omenez prozesuari Txertaketa deitu zion (frantsezez txertoa “vaccin” eta behia “vache”). Gaur egun ondo ulertzen dugu txertoen printzipioa: organismoan agente patogenoaren lagin ahuldu bat sartzen da sistema inmunologikoa haren kontra borrokatzen ikas dezan. Txerto batek albo efektuak ditu, jakina, gaixotasuna nolabait eragiten duelako modu arin batean, sukarra esate baterako. Baina beste gaixotasun bat eragin dezakeela pentsatzea nahiko absurdoa da. Hala ere, nahikoa da Hollywoodeko ospetsuren batek aipatzea meningitisen txertoak autismoa sortzen duela, milaka gurasok haien seme-alabak ez txertatzearen erabakia hartzeko. Harrigarria eta arriskutsua.