Hiru txapelketatan lehiatuko da Sopela Women’s Team aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 31a, 13:25
Sopela Women's Team taldeko kideak. © SOPELA WOMEN'S TEAM

Valentziako Volta, Euskaldun Txapelketa eta Espainiako autonomien arteko lehiaketan parte hartuko dute Sopela Women’s Team taldearen kideek aste-akabu honetan.

Valentziako Volta izango da lehenengo txapelketa, barikutik domekara bitartean; bertan, Maria Martins, Sofía Rodríguez, Soraia Silva eta Ariadna Trias txirrindulariak izango dira. Hiru etapa izango ditu birak, 80na kilometro ingurukoak; denak txirrindulari azkarrenentzako aproposak izango dira: zailtasun orografiko bakoak eta eurentzako amaiera onuragarrikoak. Valentziako udaletxeko plazatik irten eta Riba Rojan amaituko da lehenengo etapa. Llíria eta Moncada herrietan hasi eta amaituko dira, hurrenez hurren, azken etapa biak.

Euskaldun Txapelketa Deban jokatuko da zapatuan, ekainaren 2an. 71 kilometrokoa izango da, eta helmugara iristeko Kalbariora igo beharko dute txirrindulariek. Domekan, ostera, Euskadiko Txirrindularitza Txapelketa egingo dute Barrundian; Ibilbideak Ozaetan izango du helmuga, 76,8 kilometroko zirkuitu ez bihurgunetsu baten ostean. Deban eta Barrundian, taldeko txirrindulari bizkaitarrak ibiliko dira: Ziortza Isasi eta Enara López buru izango dira bietan. Deban, Mireia Muñozen laguntza izango dute; Barrundian, berriz, Olatz Agorriarena.

Domekan ere, Gaztela eta Leongo txapelketan lehiatuko da talde sopeloztarra; Sara Martin txirrindulari burgostarrak erlojupekoan jardungo du, Cabañas Raras herriko zirkuituan, 23,4 kilometroko proban.

Valentziako proban Francisco Plak gidatuko du taldea: "Egutegia dela eta taldea zatitzen behartuta gaude. Txirrindulari denak garaipenagatik lehiatuko dira, karrera guztietan. Beraz, aste-akabu oso positiboa izan daiteke. Hainbeste proba aldi berean izatea pena da; bloke osoagaz karrera guztietara joatea gustatuko litzaiguke. Sara Martinek aukera handiak dauzka Gaztela eta Leonen, bere errendimendua frogatu duelako erlojupeko probetan. Euskal Herrian Ziortza Isasi eta Enara López ibiliko dira, ezaugarri ezberdinetako lasterkariak, horrek hainbat aukera zabalduko digu. Eta Valentzian txirrindulari azkarrak dauzkagu, eta ibilbidea ikusita, lasterketagatik borrokatu ahal izango dute", Pla zuzendariak adierazi duenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun